Teologia, ideologia
Teologia, ideologia da Xabier Letek 1978an burutu eta argitara emandako koplaren izenburua. Besteak beste, lar azterketarik gabeko jokabideak salatu nahi izan zituen olerkari oiartzuarrak. Alegia, zein erraz den sarri mutur batetik bestera pasatzea, tartean ez bada gutxieneko hausnarketa seriorik. Zein erraz suertatzen den gero nork bere burua kokatzea, batere arrazoirik eman beharrik ez bada.
Teologia-ideologia da gaur egun ere nagusi energiaren esparruan. Nekez aurkitu daitezke gero beste zenbait arlotan energiarenean gertatzen diren bezainbateko jarrera zorrotzak eta kontrajarriak, aldez aurretikako batere informazio sakonik eta eztabaida zintzorik gabe.
Teknikaz –ezagutzaz-- energia erabat gai konplexua da eta praktikaz –erabilpenaz—, berriz, unibertsala. Baina guztiok ere aldrebes jardun ohi dugu, hau da: hitzegiten dugu energiari buruzko gure ezagutza unibertsala balitz bezala eta energiaz egiten dugun erabilpena, aldiz, teoria hutsa bailitzan. Denok gara energiaz jakitun eta inork ez bide du energiarik kontsumitzen. Inork ez du indar nuklearrik nahi, ez CO2 isuririk, ez haize-errotarik inguruan. Baina mundu guztiak nahi du argindarra etxean, autoa atarian eta berriztagarriak inoren larrainean.
Nabarmena da gero jendeak zein argi dituen ideiak. Energiari buruz inoren burua definitzeko erakutsi ohi dugun gaitasuna guztiz zehatza eta tolesgabea da. Nuklearraren aldekoa ala kontrakoa, berriztagarrizale ala ez, energia fosilen sustatzaile ala salatzaile, ekologista sutsu ala klima-aldaketaren ukatzaile. Zirt edo zart, bata ala bestea, ez dago nonbait bide erdirik, are gutxiago erdi biderik.
Eta hau guztia batere eztabaidarik gabe, jakina. Izan ere, zertarako behar ote eztabaida xumerik, gauzak horren argi baldin badaude? Teologia-ideologia.
Teologia, ideologia tarteko, 1978an argitara emandako diskoaren azala