Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Telefonorik, telebistarik eta emakumerik gabe

Telefonorik, telebistarik eta emakumerik gabe

Amatiño 2022/08/27 23:00
Harrigarri bada ere, ia ahaztu egin zaigun arren, orain dela hogei urte eskas ez zen Debako Ozio-Bide elkartean ez telefonorik, ez telebistarik eta ez emakumerik onartzen. Ez nion sekula inori entzun, hura guztiz normala ez zenik.

Sortu zeneko 75. urtebetetzea (1947-2022) dela-eta*, Debako Ozio-Bide elkarteak 150 orrialdeko historia bildu du Carmelo Urdangarin eta Txema Vitoriaren eskutik. Elkartearen zein Debako Danborradaren historia, hain zuzen, biak elkarri lotuak abiatu baitira azken zortzi hamarkadotan zehar.

Carmelo Urdangarinek (1932-2021) utzitako informazioaz Txema Vitoriak burutu ahal izan duen txostena nolabaiteko datu-pila baino askoz ere gehiago da, zertzelada idatziez gainera bildu  baititu 200 inguru argazki, zeinetatik 160 elkartearen barne-bizitzari dagozkion eta gainerako berrogeitaka, berriz, kalez kaleko danborradari.

Ozio-Bide ez da Debako gastronomia-elkarte bakarra, baina bai antzinakoena. Debako lehena ez ezik baita Debabarrengo zaharrena ere, Eibarko Kerizpe (1948) klasikoaren aurretik. Eta Debarro osoko antzinakoena litzateke, Bergarako Pikupek (1946) aurrea hartu izan ez balio. Baina, edozelan ere, harro asko gogoan hartu beharreko erreferentzia da Ozio-Bide.

Izan ere, zortzi hamarkada geroago, guztiz ezinezko litzateke debarren azken hiru belaunaldiotako gertaeren berri jasotzea –gizarteaz, antifrankismoaz, kulturaz, ekonomiaz, enpresaz, etnografiaz, euskalgintzaz, politikaz edo jai-giroaz--,  Ozio-Bide elkarteko bazkideen ekimen eta eginahal onuragarriak aipatzeke.

Besteak beste, Ozio-Bide izan zen, gerraostean, Deba herriak baliatu zuen legar edo gatzagia, iritzi kontrajarri eta maila zein jatorri ezberdinetako gizonezkoak (Eibarko hainbat udatiar tarteko) sukalde bateratuaren inguruan biltzeko. Baina, paradoxa bada ere, aldi berean, mende erdi (belaunaldi bi) behar izan zuen, ordea, euren emakumeei sartzen lagatzeko (2002).

Bigarren milurteko honetako teknologiak eta emakumearen ahalduntzeak duela hogei urte normaltzat jotzen ziren ohiturak aldatu dituzte. Harrigarri bada ere, orain bi hamarkada eskas ez zen Ozio-Biden, ez telefonorik, ez telebistarik eta ez emakumerik onartzen.

Adineko edonork gogoan izan dezake zelan bazkideen andregaiek, emazteek eta alabek, euren mutila, senarra zein aita barruan ote zegoen jakiteko, edo mezuren bat emateko, Sokagin kaleko leihotxora hurreratu behar izaten zuten, hartaz galdetzeko. Hala zen, hala zelako edo hala baino ezin zelakoan-edo izan. Batere kexu eta espanturik gabe. Leiho-alde bateko nahiz besteko inori sekula ez nion entzun, hura guztiz normala ez zenik.

Ozio-Bide 1953
Ozio-Bide elkarteko bazkideen bilera, 1953 urtean.

* 33 lagun izan ziren 1947ko sortzaileak eta aurrenengo bazkideak. Euretatik azkena 1992an hil zen, Jose Ignacio Urbieta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: