Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Telefono europarrak ez du gehiago inor konektatuko

Telefono europarrak ez du gehiago inor konektatuko

Amatiño 2014/10/25 17:45
Nokia sakelako telefono-marka finlandiarrak bereak egin ditu. Nokia ez zen Finlandiako telefono-ekoizle bakarra, baita, honezkero, europar bakarra ere. Nokia munduko telefono mugikor hornitzailerik handiena izan zen 1998tik 2011ra bitartean. Hiru urte eskas geroago erabat desagertu da. Nokiak bereak egin ditu. Baita telefono europarrak ere.

Memoriari zorrik izango ez badiot, 2002an izan nuen nik Tampereko Teknologia Parkea bisitatzeko aukera eta, besteak beste, Nokiaren Berrikuntza Zentrua bertatik bertara ezagutzekoa. Garai hartan Finlandia zen europar teknologiaren galaxiarik adierazgarriena eta Nokia, berriz, izarrik distiratsuena.

Jaurlaritzaren nahiz Legebiltzarraren industria sailetako taldekideak euskal kriseilua eskuan generamala hurreratu ginen Finlandiara eredu bila eta ahoa bete hortz itzuli ginen han erakutsi zizkigutenak ikusi ostean. Benetan zer erakutsi, zer irakatsi eta zertaz harrotu zuten telefono mugikorra eta "nokia" ia-ia sinonimoak ziren garai hartan. Inork esan izan baligu, orduan, hamabi urte geroago Nokiak merkatutik alde egin behar izango zukeela, izkirimiri sinesgaitz bezain barregarritzat jo izango genuke.

Baina geroztik, ezustean, Nokiaren garapena maldan behera joan da, arrapaladan joan ere. Ez zen smartphoneen belaunaldiari erantzuteko gauza izan eta, konturatu orduko, hamar bider murriztu zen akzioen kotizazioa. Ondorioz, Microsoft-ek menpeko hartu zuen lehenik, osoa erosi gero eta, azkenik, batere errukirik gabe, merkatutik bota.

“Connecting People”. Berrikuntzari eta nazioarteko lehiakortasunari eutsi ezinik pikutara joan da mundu guztia elkarrekin konektatu nahi izan zuen garapen europarra. Europar etorkizunaren alegoria larria ote?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: