Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Telebistak utzi dio errudunik gaiztoena izateari

Telebistak utzi dio errudunik gaiztoena izateari

Amatiño 2013/11/23 23:45
John F. Kennedy hil osteko editorialean New York Times egunkariak zera idatzi zuen: “Kennedy presidentea tiroz hiltzea etsaia akabatzeko metodo normala da, konta ezinezko programek telebistan erakusten digutenez. Trajedia hau, telebista-bortizkeriak jendearen adimen eta bihotzetzan eragindako ustelkeriaren ondorioa besterik ez da. Honek ezin du jarraitu”. Beste modu batez esanda, telebista zen erailketaren erruduna.

Historiari bagagozkio, 1950eko hamarkadaren amaierakoak dira Ipar Ameriketan egin ziren lehen ikerketak, telebistak gizartearengan izan ote zezakeen eraginaz. Lehen azterlari haiek haurrenganako eragina miatu nahi izan zuten psikologia, soziologia eta psikiatriaren ikuspegitik. Hirurogeiko hamarkadaren lehen partean, William A. Belson ikerleak aztertu zuen Britainia Handiko gizartearengan BBCk zeukan eragina. Laurehun orrialdetan zehar, birritan soilik aipatu zuen “violence” hitza. Liburua (The Impact of Television) 1968an argitaratu zuen eta urte hartan lehertu zen Ipar Irlandako gatazka.

Iparramerikar politikariak ez ziren gaiaz arduratu Kennedy erail arte. 1963tik 1968ra arteko bospasei urte haietan izugarrizko gizarte-gatazkak izan ziren Estatu Batuetan, beltzen aldarrikapenak zein Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioak areagotu zirelako. Giro garratz hartan, John F. Kennedy presidentea, Harvey Oswald haren erailtzailea, “indar beltzaren” Malcom X buruzagia, Martin Luther King bakezalea eta Robert F. Kennedy senatorea erail zituzten eta denak, modu batez edo bestez, telebista-kameren aurrean.

XX. mendeko azken lau hamarkadetan, gizartean barrena gerta zitekeen guztiaren arrazoi, argudio eta aitzakia bihurtu zen telebista. Ikerleek, aztertzaileek, psikologoek eta adituek sekula frogarik txikiena aurkitu ez arren, Margaret Thatcher britainiar lehen ministroak zera adierazi zuen, ausart asko: “Telebistan indarkeria gehiegi dagoela esan behar dut. Telebista-profesionalek teoria honen batere frogarik ez dagoela dioten arren, nik uste dut horrenbeste biolentzia gauero-gauero ikusten jarduteak eraginen bat izan behar duela gazteen artean: eta imitatu egingo dute”. Logika politiko hutsa.

Onerako edo txarrerako, XX. mendearen bukaeran Internet etorri zen eta telebistak ordu arteko protagonismo behinena galdu zuen. Eta protagonismoa galtzearekin batera, baita hobendunik gaiztoena izateari utzi ere.

Martin Luther King

Memphisko "National Civil Rights" museoa. Balkoi horretan erail zuten Martin L. King 1968an

Arlington

Arlingtongo hilerria. Hemen datza John F. Kennedy 1963tik

Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2013/11/24 09:37
Argazki album zaharra tolosten, ala? Artikulu ederrak erruteko atxeki ona. Segi segi!
jaime
jaime dio:
2013/11/24 18:16
Ezin daiteke uka telebistak, sortu zenetik, izan duen eragina ikusleengan, batez ere jende gazteengan. Baina, mutur galanta eduki behar JFKren erailketa “justifikatzeko” garai haietako telebistan agertzen ziren bortizkeriazko programak edo filmen eragina.
Hona hemen AEBko presidenteen erailketen datak: Abraham Lincoln (1865), James A. Garfield (1881) eta William Mc Kinley (1901). Garai haietan ez zegoen telebistarik!
1963an, JFKren erailketaren data, gure aita zenak BH ko import-exporten arduraduna izanik, munduan zehar polito ibilia, esan zidan: “ seme, texastar maltzur hori (Lyndon B. Johnson, Texasko senatorea) erailketa honen atzetik zegok”. Denborak arrazoi eman omen dio. Auskalo!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: