Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Taüll, orain dela mila urteko euskal mendatea

Taüll, orain dela mila urteko euskal mendatea

Amatiño 2023/01/20 16:50
Lleidako Boí harana da, Europan, kilometro karratuko arte erromanikorik gehien duen lurraldea; batez beste, eliza erromaniko bat 25 km. karratuko. Eta batto hautatzekotan, Taüll-eko Sant Climent (1), Unescoren Gizateriaren Ondarea, nabarmenena izateaz gainera, sorrerako pintura bertatik bertara behatzerik baitago, bideo-mappinez (2), 1123 urtean ikus zitekeen bezala.
Taüll, orain dela mila urteko euskal mendatea

Absidea, 1123 - 2023

Batek daki duela mila urte euskarak indarrean ote zirauen haran honetan, baina turismo-informazio katalanari zein udalaren beraren weborriari jaramonik egingo badiegu, Taüll herri-izenaren jatorria “ata-ullia” (ate-uria) omen da.

Jakinekotzat jotzen da IX. eta X. mendeetan, egungo Nafarroa, Aragoi eta Ribagorza herrialdeetan izan ziren guduen ondotik, XI.ak bake-giroa erakarri zuela, eta oreka hartan suspertu omen zen Taüll herriaren eta Boí haran osoaren “urrezko aroa”, aberastasun hartan arte erromanikoak bizi izan zuen loraldia lekuko.

Herri osoak merezi du bisita, Santa Maria eliza nagusia tarteko. Sant Climenten alboan, berriz, “Mallador” jatetxea, bertako baserri peto-petoaren baitan, atari zabal-zabalekoa, non, oraintsu arte, alea jotzeari "mallar" zeritzon. Ez alde egin butifarra jator errea dastatzeke

1) Sant Climent de Taüll.

2) Mapping Sant Climent de Taüll. Pantocrator.

Taüll Sant Climent
Sant Climent

Santa Maria
Santa Maria

 

Taüll, aragoitarra eta euskalduna

Taüll non dagoen ahalik eta errazen kokatzeko, kontu izan Aran haranaren inguruan, Atlantikora doan Garona ibaiaz gainera, beste erreka handi bi sortzen direla, Ebro ibaian zehar Mediterraneoan amaitzen direnak: Nogera Ribagorzana sortaldetik eta Nogera Pallaresa ekialdetik. Bien arteko mendilerroan dago Aigüestortesko Parke Nazionala eta, mugan, Taüll hiria, mendatearenak egiten zituena.

Geografiari datu historikoak ezarriz gero, José María Lakarra (1907-1987) historialari nafarrak dioenez: “coincidiendo con la incorporación de Ribargorza (al reino de Pamplona-Navarra), en 1025, algunos documentos aragoneses empiezan a citar Pallars entre los territorios sobre los que dominaba Sancho III el Mayor”.

Horrez gainera, "la pertenencia a Navarra, se mantiene hasta la muerte de Alfonso I El Batallador y la separación de Aragón (1136). Alfonso I El Batallador reinaba, según un documento que él mismo firma en 1131, tanto en el valle de Arán como “desde Belorado hasta Pallars y desde Bayona hasta Monreal” (Teruel).

Aldi berean, Joan Corominas eta Ferrán Soldevilla adituei jaramonik egingo badiegu, euskara XII. mendean galdu  zen Pallaresen eta XIII.ean Aranen eta Ribagorzan. 

Hartara, okerrik ez bada, badirudi objektiboki esan daitekeela, Sant Climent eliza konsagratu zenean, 1123 urtean, euskara ez zela arrotza Taüll hirian, Aragoi eta Iruñeko Erresumaren baitan. Egun Katalunian bada ere. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: