Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ta ta tatam… ta ta tatam… Alma Mahler!

Ta ta tatam… ta ta tatam… Alma Mahler!

Amatiño 2024/08/06 16:00
Tronpeta-solo ezagunarekin hasten da Gustav Mahlerren Bosgarren Sinfonia, eta horrela ekin zion Luxenburgoko Orkestra Filarmonikak, Kursaalean, Donostiako 85. Musika Hamabostaldiaren programa-barruan. Berrogei segundo baino ez, berrogei segundo miresgarri, berrogei segundorik aproposenetakoak musika posterromantizistaren iragarkia egin behar izango bagenu.
Ta ta tatam… ta ta tatam… Alma Mahler!

Alma Mahler, Vienako erakargarriena

Berrogei segundo berberoriekin hasten Alma Mahler, pasioa (1) filma (2023), non ordu eta erdi eskasean aditzera ematen den XX. mendeko lehen bi-hiru hamarkadetako Vienako arte eta musika-giroan, ospetsuen eta desiratuen izan zen Alma Schindler (1879-1964) konpositore galduaren nortasuna.

Ama kantaria eta aita pintorea, kultura-giroan hazi eta hezi zen Alma, eta umetatik ikasi zuen konposatzen eta pianoa jotzen. Are gehiago, aita hil eta ama Carl Moll pintorearekin ezkondu ostean, Art Nouveau estiloa eta Vienako Sezesioa (Austriako artista berritzailean batasuna) etxetik atera beharrik gabe ezagutzeko beta izan baitzuen. Hamasei urte baino ez zituela, berriz,  Gustav Klimt pintoreak musua “lapurtu” zion eta gertakari haren gogoangarri burutu zuen artista austriarrak “Der Kuss” (Musua) bere margolanik ezagunena.

Almak beste inork baino hobeto ezagutu –eta jasan-- zuen garai hartako arte-giroak bizi zuen gizarte patriarkal eta kontraesankorra. Artean, aktore, eragile eta protagonista guztiak ziren gizonezkoak; denak, teoriaz, berritzaileak, aldaketazaleak, aldarrikatzaileak, aurrerakoiak eta --zenbait kasutan-- baita iraultzaileak ere. Baina, aldi berean, emakumeak etxerako (edo betikotarako) baino ez zituzten behar eta, ezertan lankide gisa onartzekotan, kopiatzaile, testu edo pentagrama-zuzentzaile, hitzordu-antolatzaile eta enkargutarako baino ez.

Alma kultura handiko emakume heldua bezain irekia izan zen, bere iritziaren eta autonomiaren jabe, nekez isiltzen zena eta menik erraz egiten ez zuena. Elkarrekin topo egin zuten lehen egunean, nahiz Alma 19 urte gazteagoa izan, zera esan zion Mahler musikari adituari: “ez zait zure musika gustatzen. Egitura falta zaio, ez du ordenarik”. Harekin ezkontzearekin batera baretu behar izan zituen gaztetako ausardiak.

Misoginia nagusi, intelektual sakratu haiek ez zuten uste emakumeak ezer ganorazkorik sortzeko gauza izan zitezkeenik eta, onenean, balira ere, inondik ere ez ezkondurik,  “etxe berean konpositore bat (senarra, jakina) nahiko" zelakoan, Gustav Mahler handiak Alma emazteari gogorarazi bezala. Hartara, kanpora atera behar izan zuen etxean aurkitzen ez zuenaren bila.

Vienako elitea liluratu zuen emakume erakargarria

Almak ez zituen gizonezko sortzaile hotzak inguruan nahi, ezta grinatsu leloak ere. Jenio sortzaile apartak bezain pasiodun maitale sutsuak zituen gogoko. Jelosiak jota zoratu zitzaion Oskar Kokoschka pintore gazte hasiberri eta jazarleari agindu bezala: “Egidazu maisu-lan bat, eta zurekin ezkonduko naiz”.

Alma Schindler hiru aldiz ezkondu zen. Gustav Mahler konpositorearekin lehenik, Walter Gropius arkitektoarekin (Bauhaus eskolaren sortzaile) gero eta Franz Werfel idazlearekin azkenik. Eta harremanak izan zituen Alexander Zemlisky konpositorea, Joseph Olbrich arkitektoa, Thomas Mann idazlea, Paul Kammerer biologoa eta Oskar Kokoschka (2) pintore expresionistarekin.

Alma Mahler ezinbesteko erreferentzia izan zen Vienan, XX. mendeko lehen bizpahiru hamarkadetako arte, musika eta literatura giroan, bakarrenetako emakumea. Familia "onekoa" jaiotzez, Mahler konpositore arrakastatsuaren emaztea gero eta, alargundu ostean, haren legatu eta musika-eskubideen kudeaketaren arduradun ondoren, garaiko emakumerik gehienek baino prestakuntza hobea izan zuen eta independentzia ekonomiko handiagoa. Sorketa-lana (3) eta maitasuna helburu izan zituen arren, gutxitan aurkitu zituen biak atari edo altzo berean.

1) Lehen sekuentzian, Mahler orkestra zuzendariak soloari ekin diezaiola eskatzen dio tronpeta-jotzaileari, eta hiru aldiz errepikarazten dio, aurrenengo bietan ez baitu nonbait  behar bezain ondo jotzen. Hirugarrenean bai, antza, baina onespena ematen duena ez da Mahler orkestra-zuzendaria, atzekaldean eserita dagoen Alma Mahler baizik, nork dakien eta nork erabakitzen duenaren adierazgarri. 

2) Oskar Kokoschka. Un rebelde de Viena. Guggenheim Museoa

3) Alma Mahler. La compositora silenciada que luchó por su libertad. National Geografic.

.

Kokoschka Ekaitza
Ekaitza edo Haizearen Andregaia (Kokoschka, 1913), Oskar Kokoschka eta Alma Mahler elkarrekin, garaiko amodiorik grinatsuenaren alegoria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: