Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Suzuko Ainhoa Tamura ohorezko euskaltzaina hil da

Suzuko Ainhoa Tamura ohorezko euskaltzaina hil da

Amatiño 2015/08/07 00:10
Astelehenean hil zen, Tokion, 81 urte zituela, Suzuko Tamura, japoniar hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina. Bederatzi hizkuntza zekizkian, euskara-eskolak eman zituen Tokioko unibertsitatean jubilatu arte eta, besteak beste, euskarazko lehen liburua (Linguae Vasconum Primitiae. Etxepare, 1545) japonieraz itzuli.
Suzuko Ainhoa Tamura ohorezko euskaltzaina hil da

Suzuko Tamura, 1984an.

Suzuko Tamura 1934 urtean jaioa zen, Tokion, eta bertako unibertsitatean hizkuntzalaritzaz doktoratu. Tesia zertaz egingo eta, Japoniako iparraldeko Hokkaido uhartean galzorian dagoen ainueraren gainean egin zuen.

Ainuerak ez du, nonbait, japonierarekin zer ikusi handirik eta bai, antza, inuiten hizkuntzarekin (inuktitut). Elkarren arteko harremana aztertu beharrak eraman zuen Kanadara eta han ezagutu zuen Jacques Allières euskalari tolosar frantsesa. Beronen eskutik Euskal Herrira etorri, Jean Haritschelhar ezagutu, Donapaleun, Bilbo aldean, Lazkaon eta Azpeitian hainbat astebetetan euskara ikasi eta Tokioko unibertsitatea amaitu zuen, jubilatu arte, euskara eta ainuera eskolak ematen.

Euskaltzaindiaren X. Biltzarra zela-eta, 1984an, Donostian parte hartu zuen, Hitzen ordena erabakitzeko faktoreak txostena aurkeztuz. “Lan aski luzea, euskara eta japoniera hizkuntzaz konparaketa eginez”, Luis Villasante euskaltzainburua zenari jaramonik egingo badiogu.

Euskal akademiak euskaltzain ohorezko izendatu zuen Suzuko Tamura 2000 urtean eta, ordurako, Jose Maria Satrustegi nafar euskaltzain eta apaizaren eraginez, kristau egin zen eta, bataioan, Ainhoa izena bere buruari ezarri.

Suzuko Ainhoa Tamurak bederatzi hizkuntza zekizkian. Jatorriko japonieraz gainera, ainueraz, alemanez, espainieraz, euskaraz, frantsesez, ingelesez, inuiteraz eta mantxueraz.

Fina, leuna eta hunkibera. Hauskorra zirudien, baina zumitza bezain malgua eta kementsua zen.

Suzuko2

jaime
jaime dio:
2015/08/08 11:09
Hau bai jarraitzeko eredua! Japoniar izan eta euskara ikasi! Zenbat basko ez ote dut ezagutzen euskal abizen ederrez jantzirik eta arbasoen hizkuntzari muzin egiten diona. Behinola, horrelako bati aurpegiratu nion bere euskararekiko axolagabetasuna eta harrituta utzi ninduen erantzun bat luzatu zidan: “Ba, hoy día hasta los macacos hablan en vasco!”
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: