Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Politika da substantiboa

Politika da substantiboa

Amatiño 2008/05/25 17:55
Aurrekoan “Herri Urrats” izan zen Senperen eta atzo, berriz, “Ibilaldia” Zornotzan. Euskararen egoera ez da gero berdina iparraldean edo hegoaldean, eta ezberdintasunik handiena ez dagokio lekuan lekuko euskal hiztunen borondateari, bertako hizkuntza-politikari baino.

Sarri nabarmendu izaten dugu hizkuntza-politikaren garrantzia baina gutxitan konturatu ohi gara, ostera, “hizkuntza-politika” aipatzen dugun bakoitzean, substantiboa politika dela eta adjektiboa, aldiz, hizkuntza. Eta politika ez dugu euskaldunok soilik erabakitzen.

Izan ere, iparraldeko euskaldunen proportzioa hegoaldekoena baino handiagoa izan arren, euskararen gizarte-osasuna zatia hobea da hegoaldean iparraldean baino, besteak beste hemengo hizkuntza-politika hangoa baino hobea delako.

Aldi berean, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan euskararen egoera oso antzekoa bada ere, Errioxan ofiziala da eta Erriberan ez, lekuan lekuko politikak horrela agintzen duenez gero. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Honek ez du balio Euskal Herrirako bakarrik. Esaterako, indio aimarak askoz ere gehiago dira Bolivian, euskaldunak Araban baino; baina Juan Jose Ibarretxe laudiotarrak euskaraz ikasi behar izan du inguruko tribu guztien lehendakari izateko eta Evo Morales aimarari ez diogu, ostera, sekula berba bakarra ere aimaraz entzun, jaiegunetan eguzki-lorez jantzi eta bere burua indigenen salbatzailetzat azaldu arren.

Horretara, ez ahaztu gero gramatika-kontu hau, gramatika baino zer edo zer gehiago da-eta: Hizkuntza-Politikan, politika da substantiboa eta hizkuntza, berriz, adjektiboa. Bai Senperen eta baita Zornotzan ere.

Deia, 2008.05.26

 Hizkuntza Politika

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: