"Suaren froga", XVI. mendeko historia nobelatua
Historia nobelatua… apostu zaila. Egileari datxekion erronkarengatik ez ezik, baita irakurle aproposaren profilari dagokiokeen oreka asmatu beharraren zailtasunarengatik ere. Are gehiago kontuan izanda, Patri Urkizu ausartak trapezioan jauzi egiteko ehundu duen segurtasun-sarea ia hutsaren hurrengoa izan dela.
Zeraingo familia “onean” jaio, 1530an heretikotzat jo eta Inkisizioak Granadan erre zuen elizgizon ikasiaren bizitza ezezaguna kontatzen digu Urkizuk. Donemiliagan (1500) lehen ikasketei ekin eta Salamankan (1505), Okzitaniako Tolosan (1510), Parisen (1515), Bruggen (1520), Guadalajaran (1525), Valladoliden (1526) eta Alcalá de Henaresen (1527) zehar, Granadan (1530) Errege-Erregina Katolikoen Kaperako kapilau izan arte, 30 urteko bizitzaren nondik norakoa.
Segurutik koherentzia objektiborik ez zaio falta Urkizuk proposatzen digun bizi-ibilbide zehatzari, eta ezin ere erreparo kronologikorik jarri ahal izan, urteak joan eta urteak etorri, Zeraingo Joanesek ezagutuko duen lagun-zerrendari, alegia: Gebarako jauna, Juan de Antxieta, Antonio de Nebrija, Juan de Zarauz, Johanes Etxeberri, Juan de Arrieta, Inazio Loiolakoa, Juan Sebastian Elkano, Bertrand Lehete, Frantzisko Vitoria, Martin Azpilikueta, Juan Luis Vives, Desiderio Erasmo, Migel Egia, Arnao Gillen de Brocar, beronen alaba, Maria, eta beste horrenbeste gehiago.
Paraleloan islatzen dira garaiko koroak, guduak, agiriak, testuak, liburuak, kantak, poemak eta denetariko euskal erreferentziak, hala Collegium Navarrum, Bizkaineers Platz, Balea taberna, Nuestra Señora de Aranzazu itsasontzia, Martinus Ivarra cantabricus, Bernat Etxepare edo Milia Lasturko, nola ordurako gutxituak ziratekeen herri-hizkuntzen trataerari buruzko eztabaidak. Baita ere, bide batez, euskalkien aniztasuna, euskal hiztegitxoa, XVI. mendeko bideak edo hainbat emakume “ospetsu, jakintsu eta ilustreren” omenetan egindako aipamena.
Auskalo, datu gehiegi ez ote den biltzen literaturaz gozatzeko, edota, aldi berean, asmakizun larregi ez ote, hainbeste daturen artean alea eta sasia bereiztu ahal izateko. Zelan edo holan, ordea, Urkizuk lortzen du XVI. mende hartan idazten eta irakurtzen zekiten goi-mailako gizarte-taldeen giroa azaltzea eta, eremu hartan, hainbat euskaldunek artatu zuen jarrera adieraztea.
Ez dut nik esango Suaren froga (Erein, 2021) nobela honek bigarren parterik izango duenik, baina hazia behintzat ereinda gelditu da. Nobelaren azken bi lerroetara heldu besterik ez dago. Ez dakit jarraituko duen, baina segi lezakeenaz bederen, zalantza gutxi.