Spain is different
Segurutik ez dago besteek egiten duten berbera egin beharrik, baina egia ere bada gure inguru-minguru bereko besteek han-hemenka egin ohi dutenaren berri jakitea beti ere gogoan hartu beharreko mugarria dela. Eta, hain zuzen ere, kasu honetan behintzat, ezelango mugarririk eza da ni gehien harritzen nauena.
Ezin esan gero Ondarearen gaineko Zerga ezezaguna zaigunik, 2008 (Gipuzkoan, 2009) urte arte indarrean egon zen-eta gurean. Baina harrigarri samarra bai dela jakitea, ostera, zerga hori ez dutela sekula (sekula gero) Europako hemezortzi herrialdeetan (Belgika, Erresuma Batua, Irlanda, Italia eta Portugal, tarteko) izan, kendu berria dela Austrian (1994), Danimarkan (1995), Alemanian (1997), Herbeheretan (2000), Finlandian (2006), Luxenburgon (2006) eta Suedian (2007), eta gaur egun Frantzian, Norvegian eta Liechtensteinen baino ez dagoela indarrean. Eta Frantzian, esaterako, zerga-oinarria 1.300.000 eurokoa dela, Espainian 700.000tik gora jarri den artean. Nahiz Hondarribiko etxebizitzak Hendaiakoak baino garestiagoak izan.
Norbaitek jakingo du zergatik berrezarri nahi izan den Ondarearen gaineko Zerga eta, behar bada, zeharo arrazoizkoa izango da; baina, edozein modutan, ezin izango du inork esan zerga normala, arrunta eta ohikoa denik Europan.
Horretara, ezinbesteko galdera-andana zera litzateke: zergatik ez da ohikoa Europan? Guk baino gutxiago ordaintzen al dute? Berdintsu edo gehiago ordaintzen baldin badute… zelan arraio konpontzen dira? Auskalo, baina ez behintzat Ondarearen gaineko Zergaz.
Orain dela bizpahiru egun Euskal Telebistan ikusi eta entzun nuenez Obama AEBetako Presidenteak esan zuen: ez dela onartzekoa 50.000.000$ urteko irabazten duen aberats batek 50.000$ urteko irabazten dueneko langilearen zergak ber-berak edukitzea. Hori dela eta, aberatsei zergak igotearen egitasmoa sartu nahi du bere kanpainan errepublikar guztien erabateko arbuioa bilduz, jakiña. Zergatik ez egin horrelako zerbait Europa osoan? Aberatsen kapitalen Hirugarren Mundura desbideratzen beldur?