Sozialdemokraziaren nazioarteratzerik eza
“Desde finales del siglo XIX hasta la década de 1979, las sociedades avanzadas de Occidente se volvieron cada vez menos desiguales. Gracias a la tributación progresiva, los subsidios del gobierno para los necesitados, la provisión de servicios sociales y garantías contra las situaciones de crisis, las democracias modernas se estaban desprendiendo de sus extremos de riqueza y pobreza… En los últimos treinta años hemos arrojado todo esto por la borda”. Luzeago esan daiteke baina nekez gero ulergarriago. Zer gertatu da, zer gertatu zaigu azken berrogei urteotan egin duguna egiteko?
Algo va mal (Ill fares the land, 2010) saiakera Tony Judt idazlearen atzenengo emaitza da. Iazko abuztuaren hil zen, azken urte bietan esklerosi amiotrofika albokariak jota lepotik behera geldirik bizi ostean. Letra-molde handi samarrez ozta-ozta berrehun orrialde baino ez dituen saiakera da, asteburu batean hasi eta amaitzeko modukoa, esne-berba gutxikoa, ikaragarri interesgarria, gomendagarria eta irakurri beharrekoa.
Nolabaiteko tesia zera da: II. Mundu Gerra osteko demokraziaren arrakasta aberastasun-ekoizpena eta banaketaren artean Estatuak araututako orekan datza, Estatuak egin baitezake beste inork ezin duena egin. Mundialtzeak oreka hau hautsi du, hiritarrak babestu beharra oraindik ere Estatuei dagokien arren, behar besteko aberastasun hori Estatuaren esparrutik kanpo eragiten baita aspaldion.
Aldi berean, sozialdemokraziak frogatu ahal izan du gauza dela Estatuaren mugen barruan kapitalismoa kontrolatzeko, baina ez du nonbait balio nazioarterako. Alegia, osasun eta garraio publikoak, doako hezkuntza, gizartekintza, babes-laguntzak eta kontrol fiskala indarrean jarri daitezkeela Estatu-erakundeen ardurapean, ez ordea nazioarteko merkatuan. Ekonomia mundialdu egin da baina politikak nazionala izaten jarraitzen du.
Ba al da beste aukerarik? Tony Judt-ek uste du baietz. Zer izango eta... laburtu beharraren beharrez, eta nik ondo ulertu baldin badut behintzat, hautabide bi baino ez daude, hots: edo sozialdemokraziak ikasten du nazioartean ibiltzen eta agintzen, edo Estatuek nolabait berreskuratzen dute galdutako buruzagitza.
Iazko udan saiakera/artikulu bilduma irakurri nion, Sobre el olvidado siglo veinte. Etorkizunera begira baino, 20. mendeko politikaren kontu batzuk aipatzen zituen. Gustatu zitzaidan liburua, tipo interesgarria zen Judt.