Sozialdemokrazia
“A los socialistas vascos les resultará aun más complicado rentabilizar porque no podrán competir con los jeltzales en socialdemocracia” (Kepa Aulestia. DV, 09.10.10).
Esaldi azpimarragarria, baina ez sozialisten eta jeltzaleen arteko hauteskunde-lehiaz esandakoagatik, bidenabar abertzale sabindarren politikagintza sozialdemokratatzat jotzen duelako baino. Ni beti izan naiz iritzi horretakoa baina, jakina, ez da berdin Luis Aranberrik ala Kepa Aulestiak esatea.
Ez naiz esaten ari Eusko Alderdi Jeltzalea sozialdemokrata denik. Kepak ere ez du horrelakorik esaten. Jakina, jaiotzez eta garapenez, “alderdia” kristau-demokrata dena, ez baita alferrik Europako kristau-demokraziaren sortzaileetakoa (1947), gero PPren eraginez bertatik bota (2000) zuten arren. Jakinekoa ere, lau urte geroago (2004) EAJ Europako Alderdi Demokrataren sortzaileetakoa izan zena berriro. Zalantzarik ez beraz, alderdi jeltzalea kristau-demokrata dela sortzez eta, egun, zentruko demokrazia europarzale eta federalistaren bazkide.
Baina behar bada ez da horren ezaguna XIX. mendean sortutako kristau-demokrazia eskuindarra izan zela kulturaz eta moralaz baina ezkerrekoa, aldiz, ekonomiaz eta lan-harremanez. Egia da egungo nazioarteko kristau-demokrazia erabat kontserbadorea dela arlo guztietan; egia den bezala EAJri behintzat Rerum Novarum enziklikaren espiritu historikoa dariola oraino.
Izan ere, historiaren zertzeladak alde batera lagata, zalantzarik ez gero EAJren agintepeko gobernugintza sozialdemokraziaren ildotik abiatu dela azken hogeita hamar urteotan. Eta, Kepa Aulestiaren ustez, honetan bide datza, hain zuzen, euskal sozialisten zailtasuna.
Ze, Zapaterok ez dihardu behar bada asmatzen eta sozialdemokraziak nekez agindu dezake aldaketarik Espainian, Ongizate-Estatuari eusteko gai ere ez den neurrian. Baina, Zapaterok, txarrenean ere, Rajoy du aurrean, eskuin peto-petoa alegia. Euskal sozialismoak, aldiz, bera bezain sozialdemokrata –edo gehiago— den abertzaletasun jeltzalea.
"Mahai-ingurua". Eskuinean, Kepa Aulestia. ETB, 1984
Hasieran "Euskal sozialistak" jartzen zuenean uste nuen Ezker Abertzaleaz (Herri Batasunaz) ari zela. Baina ez, antza PSE-EEz ari da. PSE ez dira "euskal sozialistak" ez eta "euskal sozialdemokratak". PSEk gaur egun sozioliberalismoaren aldeko apostua egiten du.
Eta horretan bat nator Amatiñorekin (behingoagatik!). PNV askoz sozioliberal duinagoa da herri honentzat Ares eta Celaa baino.