Somportetik Somorrostrora
Somorrostro, Kantabriako mugan, egungo euskal lurralde barruan dago. Ez, ordea, Somport, Jakatik gora. Hala ere, nahiz larregikeria iruditu, euskal toponimia joriagoa da Somport aldean, Somorrostro inguruan baino; eta hau ulertzeko, beheko mapa ikusi besterik ez dago: Bizkaiko sartaldea betidanik mugan eta Somport (Jaca), aldiz, duela bi mila urteko euskal eremuaren bihotzean.
Baina, hori bai, alde batean zein bestean euskal adierak darabiltzaten arren, askoz ere ugariagoak dira, jakina, sartaldean, sortaldean baino. Somport inguruan, mende asko euskara galdu zela, eta Somorrostro aldea da, ostera, azken hamar urteotan euskararen egoera gehien hobetu duen eskualdea.
Somport aldeko toponimia euskal sustraikoa-edo bada ere nagusiki (%70), egungo aragoieran ez dira inondik ere asko euskal jatorrizko hitzak, baina ezta anekdota hutsak ere. Kontua da, Erronkari baino haratago bide zegoen euskalki galdu batez ari garela, egungo euskara batutik ulertarazi nahirik, eta gauzak ez dira horren errazak.
Alegia, adituek esan diezaigukete “baruca” (garrasia) edo “ganca” (gain-harria edo harlauza) euskal jatorrizko hitzak direla, baina nekez aurkitu ahal izango dugu egungo hiztegietan horien aztarrenik. Aldi berean, ordea, badira oraingo euskaldunik xumeenek ere euskal zentzuzkotzat jo ditzaketen adierak, esaterako: “lurte” (elurte), “lastón” (belar lehorra), “sucarrar” (erre, sutu) , “sabaya” (ganbera) , “agüerro” (udazken), “bulco” (otua, bat-bateko ideia), “usin” (haize hotza, Erronkarin), “aribeta” (hari-bilketa), “apurra” (hondarra), “mandarra” (mantela), “quirolas” (jaiak) , “zarria” (zaharra) etab.
Esan gabe doa, jakina, Somorrostro inguruko egungo erdaran dezente euskal hitz gehiago aurkitu ditzakegula*. Batzuk erabat zabalduak Euskal Herri guztian, beste batzuk nabarmen urriagoak, eta badira Somorrostrotik kanpora nekez entzun daitezkeenak ere.
Zabalduenen artean aipagarri, esaterako: a lolo, amarraco, arringorri (arraingorri), cacanarro, chita, guiarra, goitibera, moscorra, porrusalda, chalo, chocholo, saguchu, sapaburu, seculbederra etab.
Ez horren zabalduen artean (gaztelaniaz, esangura dut), berriz: birigaña, birzaia, txirlora, eskarra, kima, koipe, kolko, larri, neke, txala…
Eta baita ezezagun samarrak ere, niretzat behintzat, adibidez: ataute (tentela), galsarri (burdinarik gabeko harria), garicha (ezpala), lumia (bihurria), mingorrián (ganorabako), sorqui (burukoa), urtabeta (urteko sagarra) eta zata (abarketa)…
"El euskera arcaico. Extensión y parentescos".
* MUSKIZ. Historia y toponimia de un Concejo del Valle de Somorrostro. Carlos Glaria, 2003