Soinez, senez, senitartez eta lanbidez zapalkuntza jasan zutenen omenetan
Datu zehatzak jakinekoak dira. 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo epaileak Egunkariaitxiarazi zuen, “dena da ETA” delako aitzakia kasu. Zazpi urte geroago Audientzia Nazionalaren azken sententziak aske utzi zituen ETAkide zirelakoan epaitutako bost arduradunak eta, batere zalantza izpirik gabe, egunkaria ixtea antikonstituzionala izan zela erabaki.
Gertatuaren oroitzapenetan hamar urte geroago moldatutako antzerki-saioa larrain paralelo bitan jokatzen da, aldi eta agertoki berean. Batetik, kazetari-erredakzioa, non nabarmendu nahi diren "egunkariaren" (ez edozein egunkariren) eguneroko arazoak eta katramilak, nahi eta ezinak, ahalak eta behaztopak. Bestetik, komisaldegia, zeinean bi guardia zibilek (Asier Hormaza eta Iñaki Rikarte) egunkariko arduradun atxilotu berriak interrogatzen (eta nabarmen gehiago!) dituzten.
Hain zuzen ere, bigarren eremu honen protagonismoa suspertzen den heinean baino ez da kontakizuna bizkortzen eta benetako irrikaz jabetzen. Ordu arteko lehen berrogeitaka minutuak motelegiak gertatzen dira, arruntegiak edo, behar bada, alegiazkoegiak. Testuingurua kokatu-edo nahi, eta larregiko hitzaurretan aspertarazi, noiz funtsezko zerbait gertatuko zain.*
Hartara, komisaldegiko bi poliziok eta bastidore arteko epaileak (Mireia Gabilondo) hitza hartzen duten neurrian, interrogatzeko moldeak tarteko, antzez-jokoa sustatu egiten da eta interesa gehitu. Hiru funtzionarioak gaztelaniaz mintzo direlarik**, eragina are erasankorragoa suertatzen da, bere burua “ascensorista” soiltzat jotzen duen poliziaren zinismoa bereziki.
Antzezpena antzezpen, sekula gertatu behar ez zuenaren ezinbesteko salaketa, parlamentu-sistema demokratikoa indarrean jarri osteko berrogei urtera gertatuaren denuntzia bortitza. Baita soinez, senez, senitartez eta lanbidez inondik ere onargarri ez den zapalkuntza jasan zutenen omenetan ere. Zor zitzaien.
* Horrez gainera, nago erredakzio-bulegoan aritutako aktoreak, oro har, bi poliziak eta epailea baino “ahulagoak” ez ote diren. Esaterako, zalantzarik ez gero Anjel Alkain ganorazko aktore puska dela, eta hamaika antzez-ordu barregarri eta gogoangarri eskaini izan dizkigula. Baina, “egunkariaren” lehendakari gisa, behintzat… Bestalde, gustu-kontua (ez, haatik, soilik) izango da, baina antzerki guztian zehar, antzez-saio guztian barrena alegia, etengabe, Ikerne Gimenez han-hemenka, firin-faran, gitarra joka aritzea… Zenbait unetan, azken aldian batez ere, elkarrizketak ganoraz entzutea eta ulertzea ere galerazi zigun. Belarri guztiek ez dute hogei urte.
** Ezin esan erdal bertsioan ezelango bereizketarik ba ote den.
"Sisiforen paperak" - Kreditoak