Sodomako kontsula
Filmak Jaime Gil de Biedma (1929-1990) idazlearen bizitza kontatzen digu, 30 urte zituenetik IHESak jo zuela jakin arte. Familia oneko enpresaria, poeta, laupabost hizkuntzaren jabe, irakurle sutsua, antifrankista, ezkertiarra edo, homosexuala, amorante porrokatua eta Bartzelonako “la gauche divine” mugimenduaren taldekidea, Gil de Biedma ez zen gero mundura jaio gerra osteko klitxeei amore emateko.
Hau guztia laburbildu nahi izan du ia bi ordutan Sigfrid Monleón zuzendariak eta emaitza nolabaiteko kaleidoskopioa suertatzen da, non ispilurik nabarmenenak poetaren homosexualitatea eta bere suhartasun asegaitza diren, dezente naturaltasun handiz, egia esan.
Segurutik kaleidoskopio honek beste hainbat argi-izpi eragingo ditu Katalunian, ez baitu alferrik filmak bertako trantsizio demokratiko aurreko giro intelektuala islatzen, oraindik ere bizirik dirauen belaunaldiaren zenbait lekuko eszeneratzen eta hainbat elkarrizketa katalanez jasotzen.
Sekula ez dugu jakitzerik izango, ordea, “El cónsul de Sodoma” fikzioa balitz eta agiriko sexurik ez balu ez ote litzatekeen film zeharo aspergarria izango. Baina fikzioa gainditzen duen biopica (biografic picture) da eta ohi baino gizon-biluzi gehiago azaltzen du. Errealitateari eskandalua datxekio eta biluziari erakarpena. Txartel-lehiatila ez da umezurtz geratuko.
Jaime Gil de Biedma (Jordi Mollà) eta Isabel Gil-Bel (Bimba Bosé), poetaren andregai neska bakarra