Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / So Few Pulsars, So Few Femals*

So Few Pulsars, So Few Femals*

Amatiño 2023/10/07 09:00
Gaur amaituko da Donostian, astean zehar Victoria Eugenia antzokia bete duen “Passion for knowledge” jaialdiaren ekitaldia. DIPC (1) ikerguneak antolatua, “zientzia-kulturaren jarduera sustatu, datozen belaunaldien ongizateari laguntzeko, eta zientzia, teknologia eta kultura ezagutzaren eragina nabarmentzeko”. Besteak beste, zortzi Nobel Sarik parte hartu dute, Jocelyn Bell Burnell eta goimailako zientzialariak tarteko.
So Few Pulsars, So Few Femals*

Jocelyn Bell, pulsarrak detektatu zituen urtean

Jocelyn Bell Burnell zientzialari iparrirlandarra (Belfast, 1943) da egun bizi den astrofisikaririk ospetsuena. Eta ez graduondoko ikasketetan ziharduela (24 urte) pulsarrak detektatzen aurrena izan zelako, baita zientziaren esparruan emakumeek jorratu behar izan dituzten urratsen paradigma ere badelako.

Jocelynek neskatotan ezagutu zuen eskola diskriminatzailea, non mutilei zientzia irakasten zitzaien orduetan, neskatilek “etxeko lanak” ikasi behar izaten zituzten, aproposago zegokiela-eta.

Cambridgen doktoradutza lortu baino urte bi lehenago, izarren eboluzioaren teoria erakarriko zuten pulsarrak estreinako detektatu zituen (1967), nahiz bere tesiaren gainbegiratzaileak, Antony Hewish irakasleak, ontzat eman ez, Lurreko giza-interferentziak baino ez zirelakoan. Iruzurtiaren Sindromeak jota, Jocelynek etengabe eta gogotik saiatu behar izan zuen, lanbide hartan ez ziotela utziko luzaro jarraitzen iritzita.

Zazpi urte geroago, berriz, Anthony Hewish erradioastronomoak, Jocelyn Bell Brunell astrofisikariak eta Martin Ryle astronomoak (ordena honetan) elkarrekin sinatu eta aurkeztutako artikuluak 1974eko Fisikako Nobel Saria jaso zuen, baina Suediako Zientzien Errege Akademiak ez zuen bigarren sinatzailearen izenik gogoan hartu, Hewish taldeburuaren ikasle zenaren aitzakiaz.

Ondoko ia mende erdian Jocelyn Bellen zientzia-ibilbidea izugarria bezain eskuzabala izan da ikerkuntzan, irakaskuntzan zein erakunde arloan. Esaterako, 2018 urtean, Breakthrough Prize in Fundamental Physics saria irabazi zuen, eta, jaso bezain laster, sortarazi zuen “fisikako ikerkuntzan lan egin nahi zuten emakumeei, minoriei eta ikasle errefuxiatuei laguntzeko fundazioa”, eta irabazitako 3 milioi dolarreko diru-saria, oso-osorik, erakunde sortu berriari eskaini zion.

*So Few Pulsars, So Few Femals

1) Donostiako International Physics Center.

PM Etxenike Jocelyn Bell
Pedro Migel Etxenike eta Jocelyn Bell, aurrez aurre. Luxuzko elkarrizketa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: