Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sinfonia-orkestrek ez dute botorik ematen

Sinfonia-orkestrek ez dute botorik ematen

Amatiño 2013/04/16 22:45
Vladimir Askenazik Donostian aditzera eman duenez gero, orkestrek ez omen dute “botorik ematen”. Alegia, gizarte-eskariaren zain baleude, erakundeek ez omen lukete sekula sinfonia-orkestra publikorik finantzatuko. Askenazik dei egin die alderdiei, botorik irabaziko ez duten arren, herri-orkestren alde egin dezaten.

Badut nik laguna, orain dela 35 urte ezkondua, eztegutan Askenazi piano-jotzaileak grabatutako Txaikovskiren LPa eraman zuena. Aitaren oparia izan omen zen eta, oraindik ere, ia lau hamarkada geroago, biniloak osorik dirau, arasa galduren batean.

Vladimir Askenazi (judua denik ezin uka) piano-jotzailerik onenetakoa genuen 1960ko zein 1970eko hamarkadetan baina gaur egun, ostera, lehen-lehen mailako orkestra-zuzendaria egina dugu. Txekia, Islandia, Sydney, San Francisco, Berlin nahiz Tokioko sinfonia-orkestren gidaritzat aritu izan da eta, aspaldiotan, Europar Batasunaren Gazte Orkestraren arduradunetakoa. Hain zuzen ere, beronen maisutzapean izan dugu bart, Donostiako Kursaalean, Britten eta Ravel musikarien erestiak tarteko.

Orkestrak ere, gorriak ikusten

Mendebaldeko krisialdiak sinfonia-orkestren artean erakar dezakeen kalteak kezkatzen du Askenazi. Munduan 550 orkestra inguru daude, zeinetatik ia laurdenen bat alemaniarrak diren eta hamabost onenetatik zazpi, estatubatuarrak. Denak omen daude, ordea, gutxi zein asko, gorriak ikusten, Extremaduran, Brasilen nahiz Holandan izan.

Alemanian 35 orkestra itxi dira honezkero, Ekialdea eta Mendebaldea elkarrekin batu zirenetik. Hala ere oraindik 133 indarrean daude; hau da, orkestra bat 625.000 biztanleko. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, orkestra bat dugu 1.100.000 bizilaguneko eta Espainian, ostera, bat 1.740.000 hiritarreko. Europan, orkestren aurrekontuen %80 inguru da publikoa eta Estatu Batuetan, aldiz, heren bat ozta-ozta.

Askenazik Donostian aditzera eman duenez, kulturak oro har eta orkestrek bereziki ez omen dute “botorik ematen”. Alegia, gizarte-presio soilarengatik balitz, erakundeek ez omen lukete inoiz sinfonia-orkestrarik finantzatuko. Askenazik dei egin die alderdiei, botorik irabaziko ez duten arren, orkestra publikoen alde egin dezaten.

Ni lantzean behin joaten direnetakoa naiz, hartara ez naiz susmagarriena, eta ez dut ezetzik esango.  Baina, norbaitek galdetuko balu zergatik?

EUYO Royal Albert Hall

Vladimir Askenazi eta Europar Batasunaren Gazte Orkestra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: