Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egia sinestezinaren indarra

Egia sinestezinaren indarra

Amatiño 2011/02/08 10:00
Sinestezinaren sinestezinez, inoiz gertatu izan ez balitz erabat aspergarria litzateke ikuskizuna, baina egiak fikzioa gainditzen duenean… ezina, ekina, egina. Alegia, zer gerta ere, gertatuz gero, sinetsi egin behar, egia baita. Hau da, hain zuzen, “127 ordu” filmaren baliorik nagusiena, duela zazpi urte Utahko basamortuan gertatua kontatzen digula.

Bai, 2003 urtean Aron Ralston mendizaleak Utahko Blue John arroilaren zirrikitu estu-mestu batean ez atzera eta ez aurrera geratu zen, gainera erori zitzaion harritzarrak eskuin eskumuturra harrapatu zionean. Bost egun luze (127 ordu) egon zen bertan, hilzorian (bere txiza edan behar izan zuen) eta, azkenean, erdipurdiko labana kamutsaz besoa moztu, hogei metro inguru rappelez jaitsi eta hainbat kilometro oinez egin ostean onik atera zen.

Nekez sinetsi daiteke gizakia gai denik bere besoa hezur eta guzti moztu, konorterik galdu ez eta, odolustean,  hainbat ordutan ibiltzeko, baina Aron Ralstonek egin egin zuen. Hain zuzen  ere, egiazko ezuste horretan datza filmaren erakargarritasuna, inork asmatutako istorioa balitz inork ez luke-eta ordu eta erdian eserita iraungo. Are gutxiago, begiak itxi gabe, beso-mozketaren irudi gordin-gordinak irentsiko.

Filmaren lehen hogei minutuak ikusgarri dakizkiguke medizaleoi, mendi-txirrindularioi eta bakarti aritzea gustuko dugun ibiltari arrarooi. Ondorenean mendi-zirritu barruan ordubete dirauen pasartea, aldiz, luze samar egiten da, James Franco aktorearen antzezlanak une izugarri apartak eskaintzen dizkigun arren, bideo-kamera aurrean egiten dituen bakarrizketak gehienbat.

Norbaitek esan du sei oscarretarako proposatutako Danny Boyle-ren film hau zine-historiaren berrehun pelikularik onenetakoa dela. Ez dut inondik ere uste baina, edozein modutan, berriketa antzu hutsa, eztabaida horretan sartu aurretik erabaki beharko genuke-eta zein arraio diren harako berrehun filmik onenak. Eta, Akira Kurosawaren ehunik onenen zerrenda gogoan hartuz gero, nekez bat etorriko berrehunen gainean.

Baina eztabaida hau beste iruzkin baterako laga beharko dugu.

                                

                                     Jaime Franco aktorea, mendi-zirritu barruan besoa harrapatuta

                                                  

                                        Aron Ralstonen besoa, moztu behar izan zuen lekutik ebakia

                                     

                                                  Aron Ralston, egun duen beso ortopedikoarekin

   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: