Simon Arrieta, lehen eta behingoz, bergararra
Velazquez zein Manet zale, eta Zuloagaren ikasle, Simon Arrietak berebiziko aukera izan zuen, 1950eko hamarkadan, Madrilen bizitzen geratzeko, pintore ospetsu bilakatzeko eta diru dezente irabazteko. Hala ere, nahiago izan zuen jaioterrira itzuli, lagunarteko bizimodu arrunta egin eta pintatzen irakatsi; edo, batez ere, pintatzen irakasten irakatsi.
Ondorioz, nekez gero, gurean, beste herririk, Bergarak besteko pintore ugari eta onik duenik: Lazkano, Muniategiandikoetxea, Okina, Loidi, Azkargorta eta, honezkero bizpahiru belaunalditan, hogeitaka gehiago lekuko.
Donostiako erakusketaren baitan, Luis Laskurain eta Migel Angel Elkoroberezibar bikoteak aurreko larunbatean eskaini zuen bisita gidatua, non margolariaren teknikak, moldeak eta joerak ez ezik, pintatu zituen erretratuen edozenbat zertzelada eta ipi-apa ere azaldu zituen.
Beti ere, lehen eta behingoz, Simon izan zen "bergarakúa" eta, pintore moduan, erretratugilea. Bere garaiko hamaika lagunen erretratuak margotu zituen. Batzuk bere kasa, eta beste batzuk, enkarguz. Kritikariek diotenez, nabarmen samar sumatzen omen da zein bere gurariz eta ekimenez, eta zein, hala beharrez, inork eskatuta.
Dena den, Arrietak erretratutako gehienak bergararrak izan baziren ere, bestelakorik ere izan zen: "Kiriko" traineru-patroia, Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Akarregi pilotaria lekuko.
*Kontuak erraz egite aldera, hogeita hamabost urteko lanaldia egotziko bagenio (53 urtez hil zen), batez beste margolan bat, lau egunetik behin.
Ezkerraldean, Luis Laskurain eta Migel Angel Elkoroberezibar, bisita gidatuan zehar, Donostiako KM kulturunean
Simon Arrieta, Bergarako kaleetan, ikasleekin, 1950eko hamarkadan
Simon Arrietak 15 urte zituen 1930an. Hurrengo hamar urteetan ezagutu zituen Euskal Pizkundea, guda, espetxea, "Langileen Batalloiak", diktadura eta zentsuraren kolore-aldaketa. Ikurrina ez ezik, baita txapela ere!