Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Silverio Laskurain, Eibarko azken ikazkinetakoa

Silverio Laskurain, Eibarko azken ikazkinetakoa

Amatiño 2011/08/22 19:00
Eusebio Laskurainek (Eibar, 1907) Legarren jarri zuen lehenik ikatz-biltegia eta gero, berriz, Bista Ederren. Gogoan dut nik Laskurain zaharra zeharo "baltzittuta" Legarren ezagutu izana eta Bista Ederren, ostera, hiru semeak, Pedro, Silverio eta Eusebio, gazteena ere ni baino pare bat urte nagusiagoa.

Laskuraindarrak maizter bizi ziren "Amazabal" (Amezabalegi Goikoa) baserrian, gerra ostean. Ugazaba elorriotarrak mezua bidali zien Pepe Txiki sekretarixuaren bitartez, saltzeko gertu zegoela 100.000,00 pesetaren truke. Orain 600 € baino ez diren arren, sekulako dirutza, ostera, 1944an. Zelan hainbeste diru batu eta, Julian maiorazgoari --probalarixa bera--  sekulako ideia otu zitzaion: ordaindu ostean baserria eurena --edo berea-- izango zenez gero, erosi aurretik elorrixoarrarenak ziren lursail eta zuhaiztietako egurrak, abarrak, ezpalak, sastrakak eta gainerako guztiak bildu, saldu eta, diruaz, baserria erosi.

Ordurako Eusebio anaia gazteak 37 urte zituen eta hainbat urte zeramatzan egurra saltzen. Kalera, Errekatxura, ezkondua zen Cristina Ubera Patxi Bolin-en arrebarekin,  eta hiru seme izan zituzten elkarrekin, Pedro, Silverio eta Eusebio. Patxi Bolingua (Bolingoanekoa) nagusi zan udal-brigadan eta Eibarko bazter guztiak buruz ezagutu ezezik, kaporal samarra ere izan bazen.

Laskurain 300

Silverio Laskurain

Laskuraindarrek egurra saltzeari zioten lehenik, egur-ikatza gero eta harrikatza ondoren. Silveriok dioskunez, egur-biltze aldera Anbotopeko Axpe eta Arrazola ingurura joan ohi ziren: “Bixen bittartekuak Gorostiza pelotarixan aittak egitten jeskuazen, kamioikadak. Gatzaga ingurutik, ostera, trenez”. Silveriok berak gogoan duenez, Eskoriatzatik Arlaban barrengo tuneleraino trenbide zaharrak sekulako buelta eman behar izaten zuen Mazmelan, Zarimutzen, Marulandan zein Marinen zehar; inguruko baserritarrek egurra bildu ohi zuten trenbide-bazterretan, ondoren gauez bertaraino heltzen zen trenak --tarteka-marteka egur-pilen aurrean geratu eta-- bertatik bertara bilketa egin zezan. Behin egurra Eibarren, Laskuraindarrek txikitze-lanak egin behar izaten zituzten Legarren eta, handik gero, tailerrez tailer eta etxerik etxe banatu. Harrikatza, berriz, Asturiastik etorri izaten zen itsasoz, Lekeitio, Ondarroa, Zumaia zein Pasaiko portuetaraino, eta tokian tokiko kaietatik Eibarrera, kamioitan.

Silverio berak ez zuen sekula txondorretan jardun izan baina gogoan ditu Elgetan eta Oñatin egin izaten ziren txondorrak… “egur-ikatza ona gero Oñatikoa”. Gogoan ere gogoan du Mendaroko Kortaberri txondorgilea: “Harek bai, eta sarri…”

                                                    Ikazkina

Mendaroko "Kortaberri" txondorgilea (Bergara, 1974)

Egurra eta ikatza saltzeari 1963 utzi zion Silveriok, 28 baino ez zituela. Geroztik kamiolari aritu behar izan zuen inorenak alde batetik bestera eramaten. Ez du sekula ahaztuko Lambrettak utzi zion zor galanta. Lambrettak eskuterrak ezezik altzariak ere egiten zituen eta, nonbait, pintura-saila Bizkaiko Unben zeukan. Silveriok egunero egin behar izaten zuen Eibartik Unbera arteko joan-etorria eta, eta urtebete osoan koskara lanean jardun ostean, azkenean lantegia itxi zuten eta ez zioten sekula txakur txikirik ere ordaindu izan.

Kamioia utzi eta PESAren txofer aritu zen gero. Ez daki zenbat urtean jardun zuen beharrean eta noiz jubilatu zen ere ez du batere gogoan. Maskarilla barik lan eginagatik ikatz-hautsez ditu birikiak hartuta, narrasean daraman tramankuluaz dabil egun osoan, hobe beharrez edo, baina “oxigeno honek burua zertu egitten jestak”.

Laskurain Silverio 250

Silverio Laskurain, narrasean daraman oxigeno-tramankuluaz

Amatiño
Amatiño dio:
2011/08/23 20:52

Materixal honeaz erderazko bertsiñua egitteko asmua jaukat EIBAR aldizkarirako eta hik esandakua ezarriko jetsat. Aurretik beraaz barriro berba egittekotan geratu nitzuan, badaezpadakorik agertu ez dein edo. Berak esandakoagaittik begittandu jatan ez dabela sekula lar laguntzarik jaso. Eta, horretara, iñori eskertzeko be, eztagok.

Amatiño
Amatiño dio:
2011/08/23 18:43

Bai. Eibarko Unbeko lurrak pillatzen, lautzen eta itxuratzen egindako lanaz berba egin jestan, baita beste kontu batzuk be; baina, batetik, ez najuan uste izan hain garrantzitsua zanik eta, bestetik, danak be ezin sartu, aukeratu egin bihar. Hik zer dakik Unben egindako biharraz?

Serafin
Serafin dio:
2011/08/23 20:41

Gauza gitxi jakixat nik horretaz. Zinegotzi nintzala 1979xan etorri jakuan Silberio bere biharren barri emoten eta, uste juat, laguntzaren bat eskatzen. Ez juat uste kasu haundirik egin gentsanik. Merezi jok obra erraldoiak hasi aurretik egindako ahalegiñen barri eukitzia, eta merezi juek, aipamentxoren bat sikeran, duako biharretan jardundako honek jendionek.

Luistxo
Luistxo dio:
2011/09/01 18:50

Esango nuke azken ikazkinak Pagei kalean zeukala almazena. 1988-89 urteen bueltan elkarrizketatu ere egin nuen Egin egunkariaren Eibarko ediziorako (Debaldea). Gabonetan izan zen, Olentzero edo Errege eguna aitzakia hartuta... "Ikatza" izan zen izenburua. Hemerotekaren baten egongo da.

Serafin
Serafin dio:
2011/08/23 17:57

Istorixa politta horraittiok. Inguruan bizi arren, ez genduan ikatz-banaketian barri askorik; horretan ziharduela bakarrik. Legarre inguruko aspaldiko laguna juat "Silberito". Ez najekixan oxigeno-tramankuluori lagun darabillenik. Ez deuk kontau Unbeko kiroldegiko zelaixak atontzen zenbat duako bihar egin daben? Eskerrik asko Luis Alberto, Laskuraindarren barri emotiarren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: