Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Shakespeare eta Verdi euskal altzairuaren lekuko

Shakespeare eta Verdi euskal altzairuaren lekuko

Amatiño 2011/10/17 21:30
“Bilbo” jatorri-zigiluaz euskal altzairuaren ospea Europan zehar barreiatu zen, Shakespeare, lehenik, eta Verdi, gero, lekuko. Euskal industriak ba al du egun nazioarteko erreferentziatzat hartu daitekeen ekoizpenik? Ez dut nik ezezkorik esango baina… zein?

Duela bost urte Bilbon ekindako Tutto Verdi egitasmoaren baitan, ABAO-OLBE elkartearen eraginez argitara eman berri da Una lama de Bilbao izenpurupeko liburu berezi-berezia, Mario Vargas Llosaren hitzaurre eta guzti. Luxuzko liburua, bitxi-bitxia, gutizia hutsa, Verdiren maitaleentzat zein honelatsuko “delicatessenak” gustuko eta gogoko dituztenentzat. Hamar mila ale guztira, 6.500 ABAO-OLBEren bazkideen artean banatzeko eta gainerako hainbat salgai jartzeko, 60 euro aleko.

Verdi eta Bilboren arteko harremana italiarraren Falstaff operan (1893) kokatu behar da, Shakespearek ia hiru mende lehenago idatzitako The merry wives of Windsor (1602) antzezlanean oinarritua, hain zuzen. Sir John Falstafrf jauntxo tripazainak zera diotsa Pistol otseinari: Next, to be compassed, like a good bilbo, in the circumference of a peck, hilt to point, heel to head. Baita Pistol-ek berak ere beste une batez zehaztu: I combat challenge of this latten bilbo.

Ez da honako hau Shakespearek bilbo hitza darabilen abagune bakarra. Urtebete geroago (1603) Hamlet printzearen adierazpenetan beste hau jarri zuen: Sir, in my heart there was a kind of fighting,  that would not let me sleep: methought I lay worse the mutines in the bilboes (Hamlet, Act 5, Scene 2).

Ez bide dira hiru adierak (edo, hobeto esan, biak) zentzu berberekoak. Shakespeare`s military language delako hiztegiari jaramonik egingo badiogu, lehen kasu bietan, a good bilbo eta this latten bilbo esaldietan ezpataz ari da, zer nolako ezpataz alegia.  Hirugarrenean, ostera, presoak oin-bilurrez lotzeko girgiluez. Baina, zernahi delarik, zentzu batez zein bestez, biak ala biak lehen-lehen mailako burdina on eta ospe handikoaren adierazgarri.

Garai hartan kalitate handiko burdina lortzen zen Muskizko, Zeraingo nahiz Mutiloako meatzetan eta “Bilbo” jatorri-zigiluaz euskal altzairuaren ospea Europan zehar barreiatu zen, Shakespeare, lehenik, eta Verdi, gero, lekuko.

Euskal industriak ba al du egun nazioarteko erreferentziatzat hartu daitekeen ekoizpenik? Ez dut nik ezezkorik esango baina… zein?

Bilboes

Hiztegi honek biltzen duenez, Shakespearek  "bilbow" idatzi zuen behin Henry V. (1600) antzezlanean, baina "mispronunciation" legez, ondo ahoskatu ezina adierazteko. Hala ere Michael Drayton poetak ere "bilbow" moldea jaso zuen The Battle of Agincourt (1627) historia-poeman.

                                                       Military Shakespeare

Mikel
Mikel dio:
2011/10/18 19:54

Norbere buruarekiko uste ona izatea ezinbestekoa bada, lagungarri izan ohi da bestearen ispiluan geure izateari so egin eta harrotasun puntu batez begiratu ahal izatea. Ospea eta izen ona eskuratzen zaila baita eta galtzen zein kentzen errazegia, eskerrak eman nahi nizkizuke lotsarazten ez gaituen oihartzunak bildu eta bertakooi helarazteagatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: