Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sexua ez da sexua besterik

Sexua ez da sexua besterik

Amatiño 2014/01/05 16:35
Begoña del Tesori jaramonik egingo badiogu, “Nymphomaniac” da aspaldiotan gure artean aurkeztu den filmik ausartena eta biribilenetakoa, bost izarrekoa. Segurutik arrazoi izango du. Begoña hainbat arlotan da aditua eta zinemaz zer esanik ez. Hala ere…

Hala ere, azkar eta sinple asko esanda, Lars von Trier zuzendariaren filmari tranpa dario, mundua mundu denetik iruzurrik oinarrizkoena: sexua. Eta sexuak morboa du, eta morboak audientzia. Film honen gainean honezkero han-hemenka egin diren aipurik gehienek sexu-sekuentziak izan dituzte gai: sexu esplizitoa dela eta ez dela, hor nonbait sexualitatearen muga gorriak, zenbait pasarte gordinegiak omen, bihozberak eskandalizatuko dituzten irudi kitzikatzaileak…

Nago, ostera, hori guztia nerabekeria dela, aurrerakoikeria, pedante samarra. Zer erlazio egon ote daiteke arrantza-trebetasuna, polifoniaren egitura eta Bach-en maisutasunaren artean? Behar bada ezer ez; baina, aukeran, Lars von Trier-en sasifilosofatzea baino ez, "l´enfant terrible"arenak egin nahia.  Izan ere, zergatik izan beharko luke ba gehiago? Azken batean zer da pelikula komertzial bat ekoizpen profesional soil bat baino,  zilegitasun osoz eta ohore handiz, gainera. Baina gauza bat da ninfomania gaitzat hartzea eta, beste bat, ondorioa --beti ere-- artetzat jotzea. Niri behintzat luzetxo egin zait eta gogotik aspergarria.

Harrigarri, bestalde, sexua edozein lekutan dagoen gizartean, film honetako sexu-sekuentziak gehiegikeriatzat jotzea (edo, hobeto esan, adituek esatea jende arruntak gehiegikeriatzat joko dituela, beraiek balira bezala ohiturik dauden jauntxo bakarrak). Film erotikoak kitzikatzaileak izan zitezkeen Emmanuelle (1974) ikusteko Miarritzera joan behar izaten genuenean; baina, gaur egun, berrogei urte geroago, bideotekan nahiz interneten gura beste aurkitu daitekeen garai honetan…

Nymphomaniac  pelikulan ez dago zertaz eskandalizatu. Hasi eta buka, sexua besterik ez da. Moral dezente eskandalagarriagoa da La gran belleza filmak eskaintzen duen hedonismoa, eta nabarmen gogorragoak Doce años de esclavitud delakoan beltzek jasaten dituzten tratu txarrak... bata zein bestea biribilagoak, landuagoak eta entretenigarriagoak (niri behintzat) iruditzeaz gainera.

Auskalo Nymphomaniac  film ona ala txarra den, entretenigarria ala aspergarria, artea ala iruzurra; zer nahi delarik, gustu-kontuak subjektiboak dira. Baina erabat objektiboa dena zera da, abenduan aurkeztu den kopia hau lehen kapitulua baino ez dela. Eta hiru astebete barru bigarrena azalduko dela. Estrategia komertzial argia. Eta ni, behintzat, ez naute berriro harrapatuko.

nymphomanic-casting1-590x260

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: