Sexua eta ideologia
Zenbaitek besterik uste arren, 1979tik 1985ra bitartean izan ezik, nik neuk oso eragin gutxi izan dut Eusko Alderdi Jeltzalearen jarduera eta norabide ideologikoetan. Ez dut esaten hau ona edo txarra denik. Horrela izan dela baino. Eta, batere zalantzarik gabe, ez gero EAJk aukerarik ukatu didalako, ni neu ez naizelako gauza teoriatan dozena erdi folio eskas idazteko baino.
Esan bezala, nere eragin apurra 1979tik 1985ra bitartean izan zen, euskal erakundeak ez izatetik izatera pasatu ziren garai hartan, Eusko Kontseilu Nagusian hasi (1979), Eusko Jaurlaritzan jarraitu (1980-82) eta ETBren zuzendari gisa dimititu arte. Hainbat egitasmo burutu eta indarrean jartzeko aukera izan genuen orduan. Ez jakina, gure merituz, pare-parean gertatu ginelako baino.
Proposamen ideologikoen arloan nik EAJri eskainitako laguntzarik nabarmenena Zestoako Ezohiko Biltzar Nagusiaren (1985) aurretik izan zen, “2.000rako Abertzaletasuna” izenburupean aurkeztutako Oinarri Politikoak eta Programa txostenaren erredakzioan alegia. Kulturaz eta helduen euskalduntzeaz batez ere eta komunikabideez bereziki. Eta hau guztia gogoratu nahi dut gaur, ez komunikabideez hitzegiteko sexuaz baino.
Oso oker ez banago Joseba Arregi zen kultura lan-batzordearen arduraduna eta horren esparru zabalari zegozkiokeen atalak ordenatu eta lana banatzerako orduan, ezjakinaren ausardiaz galdetu nuen ea sexuaz ez ote genuen ezer landu behar. Batzordekideok aho zabalik begiratu ninduten, sexu-ideologiaz, jarreraz, jardueraz eta jokabideez alderdi-proposamenak egin beharko ote genituen edo zeharo harrituta nonbait.
Ez zen horrelakorik batere egin, noski, eta behar bada batzordekide batek baino gehiagok ezin asmatu izango zukeen zer ote neukakeen nik buruan. Hala ere, geroztik sarri uste izan dut ez zela inondik ere proposamen txarra izan. Ni segurutik ez nintzen orduan –eta orain ere ez— sexuaren eta ideologiaren uztarketaz ganorazko ideiarik azaltzeko gauza, baina bakoitzak ahal duena eskaini behar du. Zintzook ideia, serioek teoria eta argiek, berriz, praktika.
Ez. Ez nuen nik EAJren programa politikoan sexu-azterketarik proposatu arlo horretan zer esan askorik nuelako, gizarte-mailan ikaragarri garrantzitsu iruditzen zitzaidalako baino. Neri betidanik gustatu izan zait sexua, giza-zibilizazioaren asmakizun handienetakoa iruditzen zait, benetako artetzat dut eta gizartearen baitan –aipatu nahiz ez— pil-pilean dagoen gaia delakoan nago. Zelan arraio ideologia oinarritzat duten giza-taldeek (alderdiek) ez dute ba izango sexuaz eta sexuaren ondorioez iritzi propiorik?
Orduandik jende asko atera da armairutik, eta ez naiz homosexualez ari. Gaur sexua eta bere inguru-mingurua gizarte guztian zehar dago barreiatua, familian, eskolan, lagunartean, komunikabideetan, epaitegietan zein parlamentuetan. Baita gure pentsalarien iritzi-artikuluetan ere.
Egun Joseba Arregi bezalako intelektualek sexuaz (ere) idazten dute:
Con la educación sexual que no conoce otro límite que lo técnicamente factible, se va creando una atmósfera de irresponsabilidad en el comportamiento sexual, aunque se afirme que el fin último de todo es precisamente contribuir a una sexualidad responsable, pero poniendo para ello todos los medios que sólo pueden conducir a lo contrario.
Hoy se vende como el triunfo del progresismo la realidad social existente, y, lo que es peor, se proclama que el derecho se debe adecuar a esa realidad, en lugar de someterla a un examen de razón.
Nik uste dut Joseba Arregik arrazoi duela, bete-betean. Baina, 1985ean, nik.
Ba lerro horietan J.A.k ez du asko esaten, lainoan gelditzen da esan gura duena, baina usainengatik bada ere ez zait batere gustatzen. "Atmósfera de irresponsabilidad en el comportamiento sexual"?? Betikua, begietan dago hori.