Sendabelarrek dakitena eta erakutsi dezaketena
"Sendabelarrek dakitena" dio liburuaren izenburuak, baina ez du sendabelarrik orojakile edo ahalguztiduntzat jotzen. Sendabelarra naturala da, bai, baina naturala ez da horratik beti ona. Urrutiko sendabelarrek liluratu gaitzaketen arren, ez gaitezela gero marketing berdearen biktima izan. Gogoan gorde, gainera, sendabelarrak alferrikakoak direla gaizki jaten dutenentzat, eta, alderantziz, egoki janez gero, botika eta sendabelar gutxiago behar izango dela. Eta, azkenik, ahaztu ere ez ahaztu, sendabelarren erremedioek ez dutela medikuntza profesionalaren tratamendurik ordezkatzen.
Honek guztiak ez du sendabelarren garrantzia gutxiesten, areagotzen baino, sendabelarren jakintza berreskuratzeko lanak merezimendu handiko balioa du-eta. Garbiñe Larrearen esanetan, balio handia guretzat, gure komunitatearentzat eta gure kulturarentzat: “Osasuntsu bazaude, dozena erdi sendabelar ongi ezagutu eta ezkontzen ikasiz gero, zure gaitz eta ajeen portzentaje handiena tratatua duzu. Askotan hori ere ez, bakarra tarteka hartuta nahikoa izango baituzu. Eta gaitzen bat edo botikaren bat bizi guztirako zurekin egotekoa bada, orduan ere izango da sendabelarren bat hori ondo eramaten lagunduko dizuna”.
Zentzuzko liburu zuhurra, dotore eta txukun asko prestatua, non 45 landareren berri emateaz gainera, nola (noiz eta non) moztu, lehortu, jaso eta erosi daitezkeen zehatz mehatz adierazten den, ahalik eta argien eta laburren, literatura sasi poetikotan alferrik luzatu eta galdu gabe. Baita prozedura orokorrak (infusioa, beratua, egoskina, alkoholetan, ukenduan nahiz… tortillan) eta sendabelar-mota bakoitzari dagozkiokeen moduak ere.
*Katea ez da (ez zen?) eten
< Amatiñoneko aitxitxa bergararra gurean bizi izan zen bere azken hamabost urteetan. Ukendua egiten zuen pasmobelarraz eta auzokoak atera etortzen zitzaizkigun, kristalezko pote txikia bete geniezaien.
< Aitxitxa eta amamaren logelan eukaliptus-orriak jarri izaten ziren ur irekinetan neguero, ontto-ura edaten zuten, eta tomate gordina berakatzaz jan. Eta hau guztia, ez baserri galduren batean, Eibarko kalean baizik.
< Gure ama zenak, berriz, Ignacio Maria Barriolaren “La medicina en el País Vasco” (Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. Donostia, 1952) erosi zuen, gu umeak baino ez ginela.
< Eibarren ere, nire ume-umetako lagunak belarritako min latza izaten zuen jaioberritik. 1940ko hamarkadan tinpano biak zulatu zizkioten, hobe beharrez edo. Minik kendu ezin eta, besterik ezean, medikuak haurrari trepanazioa egitea aholkatu zien gurasoei. Azpeitiko Trukumon sasimediku ospetsuak, berriz, umeari halakorik egin aurretik, zenbait astetan erlakiztenak osatzeko enplastoak jartzea proposatu zien. Nire lagunak ez du harrezkero sekula belarriko minik izan, eta gaur egun 76 urte ditu.