Seme-alaben etxea defendituko dut
Elkargi E.G.E.ren Bazkideen Batzar Nagusia izan zen atzo. Segurutik Elkargiren biltzar nagusia izan ohi da gure inguru honetako enpresaburuen urtean behingo bilerarik garrantzitsuenetakoa. Elkargi erakunde serioa da seriorik bada, eredugarria eredugarririk bada, eta mundu horren berri zuzenik ez duenak ez du euskal gizartearen eragilerik nabarmenetako bat ezagutzen.
Pedro Luis Uriarte, Angel Gurria, Enrique Iglesias eta Josu Jon Imaz gonbidatu zituen atzokoan Elkargik krisialdia zertan den aztertu eta krisialditik ateratzeko zer egin bertatik bertara hausnartzeko. Ez zen azterketa sakonik falta izan, ez proposamen artezik, ez iragarpen zorrotzik, baina lauetarik gazteenak baino ez zuen umetan hil zitzaion aitaren gomutaz hitzegin eta haren baloreak aldarrikatu.
Josu Jon Imaz, "El guía verde de Repsol"
Artzain-giroko baserrian jaioa, 1970eko hamarkadaren hasieran hil zen Imaz goierritarrak abuztuko oporretan emaztea eta seme-alabak Gamarrako piszinara eraman ohi zituen, berak Gasteizen ingeles-ikastaroak egin ahal izateko. Makinak eta esku-erremintak saltzen aritu izan zen, orain 40 urte, Alemanian, Kolonbian, Txekoslovakian zein Pakistanen. Baita Zumarragako guraso-elkartean parte hartu ere, Orbegozon, Irimon eta Patricio Echeverrianean lanean ziharduten beharginen seme-alaben prestakuntza hobetzeko eta etorkizuna errazteko.
Gutariko bakoitzaren historiatxo gertatu berrian ez da “imaz” arruntik falta. Premian jaio, goseak hazi, larre motzean hezi eta apal asko baloreak landu zituen arbaso hurbilik ez da arrotz gurean, ezta urri ere seme-alaben etorkizunaz buru belarri arduratutako gurasorik.
Ondo dago, bai, aitaren etxea defenditzea. Baina… seme-alaben etxea defenditzen ere hasiko bagina?