Sekulako ikuskizuna, baina plaza erdi
Pablo Hermoso de Mendoza (Lizarra, 1966), Andy Cartagena (Benidorm, 1980) eta Lea Vicens (Nimes, 1990?) burtzilariek –edo behar bada, hobeto esan, euren hogeitaka zaldiek (sei-zazpi plazaratu baitzituen bakoitzak ekitaldian zehar)— sekulako ikuskizun estetikoa eskaini ziguten, bart arratsean.
Batek ez daki zer gehiago azpimarratu: zaldiak hezitzeko edo otzantzeko artearen maisutasuna; horren baldintza zailetan, zaldunen abilezia esproi hutsez aberea gidatzeko; edo aberearen beraren argitasuna, zaldunaren aginduak keinu urriez ziztu bizian –eta zezenaren adarren aurre-aurrean-- interpretatzeko. Zer gerta ere, arte landua denik ezin ukatu.
Goia margolariaren marrazkiak gogoratu baino ez dago, zaldigaineko zezenketa oinezkoa baino zatia antzinakoagoa dela (eta nafar medialdean sortua, omen) gogoratzeko. Geroztik, zaldigainekoak gainbehera egin du, ostera, oinezkoaren mesedetan, nabarmen ikusgarriagoa eta ez hain arriskutsua –honegatik ote?— izan arren.
Wikipediari jaramonik egingo badiogu, munduko zaldigaineko zezenketaririk onena (Pablo Hermoso de Mendoza) nafarra da eta etorkizunik itxaropentsuena duena (Lea Vicens), berriz, emakumea. Biak izan ziren atzo, Vista Alegre plazan. Harmailak erdi beteta baino ez, ordea. Erdi hutsik, alegia.
Pablo Hermoso de Mendoza, atzo, Bilboko Vista Alegre plazan
Andy Cartagenak hiru belarri lortu zituen