Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sekulako gazteriarik instalatuena

Sekulako gazteriarik instalatuena

Amatiño 2010/10/01 00:05
Martin Auzmendik eta Imanol Galdosek esan dute gaur, goizean goizo, Euskadi Irratian: “egungoa da sekula izan den gazteriarik instalatuena”. Horretara, belaunaldi honetatik nekez etorri omen daiteke erreakziorik. Eta erreakziorik ezean, gureak egin du. Alain Tourainek, berriz: “Eskuinaren joera nagusi bakarra xenofobia da; ezkerraren joera nagusi bakarra eragozpenik gabeko kontsumo-bizimoduaren aldarria da”.

Martin Auzmendik ikaragarri gordin eta garratz azpimarratu du: Jakin badakigu indarrean dugun modeluak ez duela iraungo, baina inork ez du aldatu nahi. Hau da, nolabait pentsatuko bagenu bezala: gu gauden artean irauten baldin badu... gaitzerdi. Gero, gerokoak.

Segurutik gaur egungo aitona-amonok ez dugu asmatu. Segurutik seme-alaba bigun samarrak hazi eta hezi ditugu. Baina seme-alaben seme-alabei kostatuko zaie gero euren aurrekoen ongizate-maila lortzea. Ez behintzat premia gorriaren katarsirik ezagutzen ez duten artean.

Alain Touraine soziologoak benetan irakurtzea merezi duen artikuluan dioenez: Gure ahalmenik eza --ekonomian, politikan zein kulturan— ez da krisialdiaren ondorioa, beronen sortzaile  nagusia baizik. Errealitate honetaz jabetzen ez bagara eta ez badugu isiltasuna hautsiko duen hitzik aurkitzen, krisia are sakonagoa izango da eta Mendebaldeak bere abantailak galduko ditu. Orduan beranduegi izango da krisia baretzeari ekiteko, ordurako krisia bera izango baita patua.

                                               Touraine

Alain Touraine

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/05 14:13
  1. Zuk jakingo duzu aipatu hiru horiekin bat zatozen ala ez. Baina zuk idatzia da, aurrekoan, hasiera beretik gainera: "Horiek horrela direla"...
  2. Oso erraza da, ni koherente izaten ahalegintzen naiz. Ez predikua batetik eta bizimodua bestetik.
  3. Bapo.
  4. Pentsatuko dut nola gai horri ekin beste posten batean, gai polita baita, nahiz eta aspaldiotan ahalegindu inoren diktaten arabera ez idazten. Bestela amaitzen dut nere blogean inoren ildotik aritzen.
  5. Ez nahastu "izan" eta "egon". Zuk galdetu zenidan ea, ene iritziz, "oker ote zauden". Eta nik ez nizun erantzun "ezjakina zarenik", "ezjakin zaudena" baizik.
Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2010/10/07 00:12

Ondo erantzun duzu, bai. Ados. Ez dizu inork ukatuko abilidadea. Baina ulertu nahi nituenak ulertu gabe jarraitzen dut. Azken batean, nik jakin nahi dudan gauza bakarra honako hau da: AHT, Pasaiako kanpo-portua, Boroako zentrala, Zubietako erraustegia eta gisakoen alde zaudetenok, noiz arte uste duzue jarrai daitekeela horrela, izadia gero eta puska handiagoka txikitzen eta dena zementoz estaltzen? Egin du inork horren inguruko ikerketa prospektiborik? Non daude emaitzak? Beste modu batean esanda: ulergarria zait enpresa eraikitzaileen jarrera; baita politikari koiunturalistena ere (gaur egun gehienak halakoak direla iruditzen zait, eta gero eta halakoagoak gainera); baina ez zait buruan kabitzen batzuek egiten duzuena: azpiegitura horien defentsa sutsua ikuspegi zibil, intelektual eta disinteresatu batetik. Liluratu egiten nau horrek, benetan.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/07 01:54
  1. Nik ez nuke batere arazorik izango zurekin guztiaz patxadaz eztabaidatzeko. Baina ez "Erantzuna gehitu" deitu sailtxo honetan. Gai konplexu samarrak dira eta honako hau, berriz, formato guztiz laburra eta batere aproposa ez.
  2. Nik ezer gutxi dakit Pasaiaz, baina Boroaz, AHTz eta erraustegiez urteak daramatzat idazten, on-line eta off-line.
  3. Gutako batzuek "azpiegitura horien defentsa sutsua ikuspegi zibil, intelektual eta disinteresatu batetik" egin izanak liluratu egiten zaitu zu. Zuetako batzuek "azpiegitura horien kontrako sutsua ikuspegi zibil, intelektual eta disinteresatu batetik" egin izanak harritzen nau ni.

Izan ongi eta eskerrik asko.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/03 02:19
  1. Ondo ulertu baldin badut, zu bat zatoz Martin Auzmendik, Imanol Galdosek eta Alain Tourainek esandakoekin. Horretara, ez gaude elkarrengandik hain urruti.
  2. Zenbait gai konplexu samarrak dira baina, besterik iruditu arren, ez dira personalizatzeagatik errazten, desbideratzen baino.
  3. Kontua ez da zer duzun zuk gogokoen, ezta nik zer dudan maiteen ere, hurrengo belaunaldiaren etorkizuna baizik.
  4. Ez dakit ulertuko didazun baina, nik ez dut uste AHTren aurkako gazteak edota Leginetxe baserriaren defenditzaileak, besterik gabe, gazte ez-instalatuak direnik.
  5. Ez nuke esango "oker" zaudenik. Bai, ostera, "ezjakin".
Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2010/10/05 01:23
  1. Ez dakit ados nagoen Auzmendi, Galdos eta Tourainekin. Ez ditut hainbeste gazteria-belaunaldi ezagutu zuzenean, ezta soziologikoki aztertu ere. Horrenbestez, ezin dut konparaziorik egin.
  2. Egia da, bai, arrazoi duzu: pertsonalizatzeak desbideratzeak dakartza. Baina oso zaila zait ulertzea nola demontre bizi daitezkeen harmonian, neurona-multzo berean, etorkizunarekiko duzun kezka hori, batetik, eta egun eta hemengo kapitalismoarekiko duzun jarrera akritikoa, bestetik. Horregatik eskertuko nizuke, ez beste ezergatik, esplikazio pertsonala.
  3. Dudarik gabe, ados nago zurekin hirugarren puntuan.
  4. Lagunduidazu, mesedez, ulertuko dudan ez dakizun (eta, efektibamente, ulertu ez dudan) hori ulertzen. Zein da, zure ustez, "ez-instalatua" bereizten duen ezaugarria? Adibiderik edo eredurik aipatzerik bai?
  5. Erabat ados nago zurekin bosgarren puntuan. Hain zuzen ere, nire ezjakintasunak eraman ninduen aurreko mezua bidaltzera. Ez al da ezjakinaren lehen lana dudak argi diezazkiokeenari galdetzea?
Amatino
Amatino dio:
2010/10/08 17:24

Hona Boroa dela-eta idatzitako azkena, orain dela bost astebete.

http://eibar.org/blogak/amatino/archive/2010/09/02/ingurumena-interes-partikularra-eta-politika

Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2010/10/02 22:05

Horiek horrela direla, zer iritzi duzu AHTren aurka antolatzen diren gazteei buruz, Leginetxe baserria Poliziaren Indarraren aurrean azkenera arte defenditu dutenei buruz, esaterako? Susmoa baitut, ez dakit zergatik, horiek baino maiteago ditukezula ezer aldatzeko imintziorik txikerrena ere egiten ez duten gazte instalatuak. Oker nago?

Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2010/10/08 11:18

Eskerrik asko zuri, eta saiatuko naiz zure bloga jarraitzen, oraingoz ulertu ezin ditudan horiek ulertzen saiatzeko. Segi ondo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: