Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sekulako Euskadirik onena

Sekulako Euskadirik onena

Amatiño 2012/10/09 21:55
“Gora Euzkadi” esan zuen Florenzio Markiegik; “Viva España”, berriz, tiratzaileek. Santoñako Berria hondartzan izan zen, egunsentiz, 1937ko urriaren 15ean. Geroztik 75 urte joan dira.
Sekulako Euskadirik onena

Josu Erkoreka, Deban hizlari

Florenzio Markiegi, Polentzi, errotik abertzalea eta gogotik sinesmen sakonekoa, garaiko “euskaldun fededun” haietakoa izan genuen. Berea omen zen harako ezohiko leloa: “gora Euzkadi askatuta… Jaungoikoari bakarrik lotuta”.

Josu Erkorekak atzo Deban eskainitako datuei bagagozkie, “Markiegik inoiz inori kalterik egin ez arren”, bekatu larria leporatu zioten: “delito de adhesión a la rebelión <...> con el agravante de peligrosidad”. Baita heriotza-zigorra ezarri ere “por pertenecer al PNV*, ser alcalde de Deva en periodo separatista y presidente de la Junta de Defensa Local”.

Markiegi ez zen izan goiz hartan fusilatu zuten bakarra. Guztira hamalau izan ziren,  ondoko zazpi erakundeotako espetxeratuen artean, binaka, zehatz aukeratuak: Euzko Gudarostea, Euzko Alderdi Jeltzalea, Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Alderdi Errepublikarra, ELA eta CNT.

Hil aurretik, gutun labur bi idatzi zituen, besteak beste. Bata, emazteari, eta Debako jeltzaleei, bestea:

Maritxu maite maitea: Ordu gutxi barru donokira noa, Jaungoikoak Bere eskuetan artuko nauan uste oso-osoakin, maitien zindudanian eta zurekin eta gure txikiakin bizitzeko poza aundien zanean. Jaungoikoak Berak daki zer egiten duan eta Bere naia egin bedi. Idazteko azturik ere oso gutxi utzi didate. Gure aurtxoak Jaungoiko bidetik azitzen jakin dezazun, gure Jaunari eskatuko diot. Gure odol au ez da alperrik izango, zuek utzitzeak ituntzen nau, bestela mundu ontatik alde egiteko aurrez ordua jakitea .... orixe Jaungoikoak eman lezaken eskerrik aundiena, eta neri eman dit. Muxu asko eman nere ta zure Itziartxo, Lore, Nekane ..... ezin jarraitu det. Bai maite zaituztedala... Gora Euzkadi Azkatuta, Jaungoikoagan bakarrik lotuta. Maite-maite zaitu, zure

Polentzi.

Debako jeltzaleei zuzendutakoa:

Debar Jeltzaleak: Jaungoikoagatik Aberriari nekeak eskeñi ondoren, neke oien saritzat ona eriotz ederra. Zer geiago eskatu leike sinismendun gizonak? Nere sendi maiteak, emazte ta aurtxoak... gurasoak... oien oroimenak itunduko ez baleu. ¡Zein egun alaia gaurkoa!... Azitako bidean jarrai zintzo mutillak, gañera aurki Euzkadi aske... Zuek Aberriarentzat eta Aberria Jaungoikoarentzat. Ni banua eta zuek gelditzen zerate. Zintzo bada eta dana Jaungoikoaren izenean. Agur

Polentzi

Markiegiren politika-jarduera lekuko, orduko belaunaldiak ere, oraingoak bezalatsu, ahalik eta Estatuturik onena, Kontzertu Ekonomikoaren defentsa eta demokraziaren aldarria izan zituen goiburu. Eta, egoera beti ere hobetu daitekeen arren --edo, kontuz, txartotu!--, nekez gero ukatuko, oro har, Untzagan bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik (1931) honako azken laurogei urteotako unerik ontxoenetakoa bizi dugunik egun.

Baina hau ene iritzia da, ez hizlariarena.

Polentzi Markiegi

Polentzi Markiegi Olazabal

Markiegi

Markiegi, zutik, jaka argiz, seigarrena eskuinetik, Gernikan

Dueso

Dueso espetxea eta Berria hondartza, Santoñan

Web

Markiegiren omenez Deban jarritako oroitirudia


* GBBko zein EBBko jelkide


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: