Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sekula elkar ezagutuko ez duten larrekideak

Sekula elkar ezagutuko ez duten larrekideak

Amatiño 2025/06/27 17:10
Garona eta Nogera Pallaresa erreken iturburuak Aran haraneko Plan de Beret mendi-lautadan (1.862m.) jaiotzen dira, elkarren ondoan, 100 metroren inguruan biak ere, larre bereko kideak dira-eta. Baina baten xedea Atlantikora iristea baldin bada, bestearen etorkizuna, berriz, Mediterraneoa baino ez. Zelai berean sortu arren, elkarrengandik 800 kilometrora hiltzen dira. Orografiaren miraria.
Sekula elkar ezagutuko ez duten larrekideak

Garonaren iturbegia, Bereten

Montgarri2
Nogera Pallaresa, Montgarrin zehar
Harrigarriena da, ordea, sortu ahala hegoaldera jotzen duenak iparrean amaituko duela, eta hasieran iparrera begira jartzen denak, ostera, hegoaldean bukatuko. Antza, harako Plan de Beret (1) deritzana ez da izenak dioen bezain laua. Alegia, nahiz bertatik bertara ez iruditu, bistaz sumatzen ez diren bi isurialde desberdinetan daude. Isuri itxuraz apalak, bai, baina isuriak.

Garonak, 50 zm. eskaseko begia (Uelh deth Garona) zabaldu ahala, hegoaldera jotzen du, Aran haranean barrena. Berehalakoan, berez daraman baino ur-emari handiagoak (2) hartzen ditu ezker-eskuineko ibarretan, eta Okzitaniako zabalgunera iritsi orduko (47 km.) ibai gazte (3) lerden samarra izango da.

Handik aurrera, hazi eta hazi, jaun eta jabe Akitanian zehar, 575 kilometrotan barrena, Bordeleraino, non Dordoina ibaiarekin bat egin ondoren, 70 kmko Gironda estuarioa osatzen duten elkarrekin. Garonaren sorreran 50 zmko iturbegia dena, 8 kmko bokalea bihurtuko da itsaso irekira helduko denean.

Nogera Pallaresa, aldiz, Bereteko larreetan alfer samar zabaltzen da noraezean, zein norabide hartuko erabaki ezinik-edo, eta, halakoren batean, maldan behera abiatzen da, Montgarri aldera, beti ere iparralderantza. Baina, horra non, ezustean, mendien artean besterik ezean, nahitaez, ekialdera jo beharrean aurkitzen du bere burua, eta jirabiran hegoalderantza abiatu. Alegia, halabeharrez, Val d´Aran sorterriaren aztarrena galdu eta Val d´Aneu-ren (Pallars Sobirá) magalean babestu (4)

Ez du, ordea, lasaitasunak askorik iraungo. Segre ibaiarekin talka egin, beronen ur-lasterrak nola-hala rafftinez gainditu eta sakan-zulo meharrak sokaz jaisten ikasi orduko, horra berriro Ebroren patxada, Bereteko larreetatik ia 550 kmra dagoen Mediterraneoko ur gazitan jatorrizko gezatasuna ahaztu arte.

Bereten aurpegi biak

Beret lautada-ingurua (1862 m.) erabat aldatzen da urtean zehar, elurraren kariaz. Abendutik aurrera zuritzeari ekin ohi dio eta nonahitik heldutako eskiatzailez bete. Bai Baqueiratik eskiatzen heldu izaten zaizkion giza-uholdeez (5) eta baita Bereten bertan berariaz irekitako aparkalekuraino autoz iristen diren eskiatzaileez ere. Maiatzetik aurrera, berriz, udaberriaren epelak elurrak uxatzearekin batera larreak suspertu bezain azkar, milaka eta milaka (6) abelgorri bertaratzen dira, uda-giroan bazkatze aldera.

Ni 1969an heldu nintzen estreinako Bereteko larreetara, Garonaren zein Nogera Pallasera errekatxoen iturburuak eta inguruko mehirrak bertatik bertara ezagutzeko asmotan. Artean ez zegoen errepiderik eta are gutxiago eskiatzailerik (7).

Beret “betidanik” izan da leku erakargarria, bertan tente-edo dirauten sei mehirrak lekuko. Neolitiko berantiar edo Brontze Arokoak dira, duela 3.500-7.000 urte bitartekoak. Orduan ere, seguru gero, Garona eta Nogera, auzo berean jaiotako kide haserretuak balira bezala, bakoitza bere aldetik. Sekula elkarren berri jakitzeke.

---oo0oo---

1) "Plan", okzitanieraz. Katalunieraz, ostera, "pla".

2) Frogatutzat jotzen da (Norbert Casteret, 1931), Maladeta glaziarretik (Aneto) jaisten den Esera errekaren adar bat Forau d´Aiguallut zuloan barrena desagertzen dela eta Aran ibarreko Juduaren Begian (Côth deth Hòro) agertu, Garonara isuri aurretik. Hartara, Garonaren sorrera Aragoin legoke, ez Katalunian. Lurralde-eztabaida latza da baina, erantzun batez zein bestez, merezi du zuloraino hurbiltzea (70 m. diametroz eta 40m.  sakontasunez). Inork ez badizu ezer esaten, iruditezina da Benasque alderaino joan (Llanos del Hospital) eta mendiaren beste aldean Aran harana dagokeenik sumatzea. Baina bertan da… 3,6 kmko lurrazpiko tximiniatik jaitsi baino ez.

3) Mutikoa (eth/el Garona) araneraz zein gaztelaniaz, eta neskatoa (era/la Garona) frantsesez.

4) Bonaigua (2072 m.) mendatearen atzekaldean, sekula Atlantikoa ezagutzeko  aukera guztiak galduz.

5) Aurreko denboraldian milioitik gora izan ziren gutxienez behin ordaindu zuten eskiatzaileak. 

6) Askotxo dirudien arren, 40.000 inguru abelgorri eta zaldi  omen (estiber).

7) Baqueirako eski-estazioa 1964 urtean ireki zen, baina Beret inguru-minguruko maldak ez zitzaizkion 1972 arte ezarri.

.

Garona
Goialdean, Nogeraren begia. Beherago, Garonarena. Bien artean, zuriurdinez, Orriko aparkalekurako sarbidea.

.

Mehirra
Brontze Aroko mehirra, Garona eta Nogera Pallaresa erreken iturbegien artean, Bereten.
Oier G
Oier G dio:
2025/06/28 21:34
Lilluragarrixa dok, urak gizakixen muga politikuak (hain garbixak, hain klaruak papelian) endredatzeko dakan joeria. Casteretek frogatutakua aittatzen dok. Ezagutuko dok be, biharbada, Belaguako errekia: zatirik haundiña Eska-Aragon-Ebrora joiak, baiña Belaguan bertan, filtraziño ugari bat Zuberoara joiak, Uhaitza-Oloroe-Aturrittik Atlantikora.

Fenomeno beretsuak gertatzen dittuk Araba-Bizkaia-Burgos-Santander mugetan.
Asier
Asier dio:
2025/06/29 19:31
Testu politta!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: