Sei gezur eta beste hainbat iruzur
Urteak daramatzagu aire-kalitateaz eta kutsadura-kontuetan geure burua engainatzen. Elkarri gezurrak esaten eta nork bere buruari iruzur egiten.
Lehen iruzurra da, honezkero ez dela, oro har, industria kutsatzailerik handiena, trafikoa baizik. Baina ez dugu onartu nahi, edozertarako autoa erabiltzen dugulako eta, oporretan, nahiago dugulako Praga ezagutzea Urko puntara igotzea baino. Esanak esan, industriak “etxeko ariketak” egin ditu azken urteotan eta trafikoak, aldiz, nerabe ardurabakoa bailitzan, “l’enfant terrible”arenak egiten jarraitzen du, dugu.
Bigarren iruzurra da, Bizkaiko aire-kalitatea Arabakoa eta Gipuzkoakoa bezain ona edo hobea dela sinetsi nahi eza. Bizkaitarrek, etsipenari gustua hartu diotelako, eta arabarrek zein gipuzkoarrek, ostera, nahiago dutelako –katarsi gisa-- Bizkaia anaia zikintzat jotzen jarraitzea. Hala ere, Euskal Autonomia Elkarte osoan, aire-kalitate txarreko lau egun besterik ez ziren izan iaz (2013): hiru Gipuzkoan eta bat Araban.
Ildo beretik, hirugarren gezurra da, urteak joan eta urteak etorri pentsatzen jarraitzea, Ezkerraldea eta Enkarterriak direla eskualderik kutsatuenetakoak. Baina egiazko datuen arabera, ordea, eskualde bi horien aire-kalitatea EAEren batez bestekoa baino hobea da, eta kalitate-maila horretara heltzen ez direnak dira, berriz, Hego Araba, Oria Garaia, Urola Garaia eta Debagoiena.
Laugarrena da uste izatea, gure aire-kalitatea erdipurdikoa dela eta turismoa egite aldera (autoz edo hegazkinez, jakina) bisitatu ohi ditugun hiriburu europarrik ospetsuenak, aldiz, birjina maria bezain garbiak. Baina, esan bezala, iaz Euskal Autonomia Elkartean aire-kalitate txarreko lau egun izan genituen artean, Londres britainiarrean, Berlin ederrean, Amsterdam txirrinduzalean edo Brusela europar hiriburuan, aire-kalitate txarreko 80, 81, 104 eta 114 egun izan zituzten, hurrenez hurren.
Bosgarrena. Zoritxarreko “partikulak” dira bere burua ekologista zintzotzat duen edonork txitean pitean salatu izaten duen mamua. Kezkatzea ondo dago eta arduratzea zer esanik ez, baina norbaitek esan beharko luke, noizbait, Europar Batasunaren arabera legezko topea metro kubikoko 50 mikrogramo den artean –eta 28 herrialde europarren batez bestekoa 27 izan--, Euskal Autonomia Elkartean 21 mikrogramo metro kubikoko baino ez dugula. Bitartean, Parisen, 147 mikrogramoraino heldu ziren zenbait egunetan iazko udaberrian.
Eta, azkenik, seigarren iruzurra. Ez dakit nik euskal industriaren langileek askorik irakurtzen duten, arte ederrak gustuko dituzten edo kontzerturen batera zein bestera sarri joaten ote diren. Baina, inork ezagutzen al du euskal idazle, artista edo musikaririk industriaren alde inoiz agerian hitzegin duenik?
Aurreko martxoan, Frantziako Gobernuak beribilen trafikoa murriztu zuen matrikula bakoiti eta bikoitien arabera, txandaka, azken hogei urteotako partikula-kutsadurarik larrienera iritsi ostean. Baita garraio publikoa doan jarri ere, jendeak autoa etxean utzi zezan.
Egia da, baina, nik gogoratzen ditut Euskalduna ontziolak uretaratzen zituen Europako itsasontzirik handienak, Labe Garaiak, Bilbo osoa argitzen zutenak, jo eta ke lanean Bizkaiko metalurgia hornitzen, Zorrotzaurreko tailer txikerrak, baina, nekaezinak, sarritan lo egiteko ere ixten ez zutenak. Eta hainbat enpresa arrakastatsu itxi behar izan zutenak krisi malapartatu hura agertuz gero.
Lanaldi neketsu baten ondoren, beharginek basoerdi batzuk irensten zituzten “bilbainadak” abestuz Zazpi Kaleetan (gaur Casco Viejo). Garai haietakoak ziren “txireneak”, esaterako “Pitarke”, bat aipatzekotan. Eta batez ere, giza kalitate handiko langile haiek!!!
Orain, dena hori pikutara joan izan da. Historia da, gaurko errespetu bako gazteek esaten duten lez.
Barka nazazue, baina, nahiago dut garai haietako kutsadura!