Segundo gutxiko kontua
Euskadin, ostera, oso aurrerakoiak omen diren batzuek ez dute ETA talde terrorista denik onartzerik gura izaten. Hauen ustez, komunikabideek objektiboagoak izan beharko lukete eta berba neutralak erabili. Bapo, ondo dago objektibotasuna eskatzea baina, neutraltasunaren aitzakiaz ez gara gero hasiko torturei eta erailketei ez ikusi egiten, ezta?
Telebista britainiarrak orain hogeita bost zehaztu zuen zer den terrorismoa. BBCren ustez (The portrayal of violence in television programmes. London, 1983), indarkeria politikoa terrorismotzat jo ala ez erabakitzeko, biktimak militarrak ala zibilak* diren hartu behar da kontuan. Zentzu honetan, Carrero Blanco zerutara bidaltzea ez zen terrorismoa izan baina Hipercor-eko sarraskia bai. Konboi militarra erasotzea ez, baina Arrasateko zinegotzia tiroz hiltzea bai. Kalagurriko koartelean lehergailua jartzea ez, baina auzoko seirehun lagun izutzea bai.
Bistan da ETAri ez zaiola batere komeni bere ekintza terrorismotzat jotzea, baina ETAk berak hausnartu beharko luke zein izan den bere maldan beherako gurpil zoroa: militar frankistak erasotzen hasi eta zinegotzi demokratikoak erailtzen amaitu.
Beste baterako lagako dugu borroka horrek Euskadiren askatasunari kalte ala mesede egiten ote dion. Baina terrorismoa denik esateko ez da segundo gehiago behar.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.04.01