Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Schuberten “Sinfonia Amaitugabea” eta Milei

Schuberten “Sinfonia Amaitugabea” eta Milei

Amatiño 2023/11/22 21:50
Javier Mileik zortzi ministeritzadun gobernua osatuko omen du: giza-kapitala, azpiegiturak, ekonomia, justizia, segurtasuna, defentsa, kanpo-harremanak eta barne-saila, orain arteko beste hamabiak bazterrrean utziz. Alegia, garraioak, herri-lanak, osasuna, gizarte-garapena, emakumea, hezkuntza, kultura, zientzia eta teknologia, lana, turismoa eta kirolak, ingurumena eta lurralde-garapena*.

Ziurrenik arrazoi izango du Mileik, Argentinak aurrera egingo badu egoki eta bidezko omen da-eta, errotik garrantzitsuak iruditzen zaizkion "gai handiei" lehentasuna ematea, eta "bigarren" mailakotzat jotzen dituenei pasamisi egitea..

Hala ere, niri, ez dakit zergatik, Ipar Ameriketako Negozio Eskoletan egin behar ez denaren adibidetzat azaldu ohi den etsenplua gogorarazi dit horrek guztiak, sasi-adituen kudeaketa “logikoari” darizkion arriskuak ezin hobeto ulertarazteko.

Hona zer egin behar ez omen denaren adibide klasikoa.

Nola kontzertuaren kostua murriztu, kalitaterik galdu gabe

Ba omen zen enpresa handiren bateko lehendakaria, eskualdeko orkestra sinfonikoaren kudeaketa-batzordearen kide zena. Nonbait, Franz Schuberten “Sinfonia Amaitugabea” kontzertura joateko eguna heldu eta, iritsi ezinean, konpainiako Ekonomia Zuzendariari eskaini zion sarrera, ordezkoarenak egin zitzan. Biharamunean, lehendakariak galdetu zion zuzendariari kontzertua gustatu ote zitzaion, eta honek, zintzo asko, erantzun: “hona nire txostena”:

Ekonomia Zuzendari naizen aldetik, bart egon naiz Schuberten “Sinfonia Amaitugabea” kontzertuan eta hona zenbait iruzkin eta aholku, onuragarri izango direlakoan:

1. Lehen eta behingoz, ez deritzat derrigorrezko jendaurreko ekitaldietan orkestra-zuzendariak parte hartzeari. Ohi denez, egin beharreko saioak eginak ziren aldez aurretik eta, musikariak gogotik profesionalak izateaz gainera,  zuzendariaren onespena zuten. Hartara, jakineko kalitatea segurtatua izanik, zuzendariaren alferrikako agerpena erabat aurreztu zitekeen gastua zen.

2. Nabarmen frogatu ahal izan zenez, hainbat pasarte luzetan lau oboe-jotzaileek esku hutsik egon behar izan zuten, eurei jotzeko txanda noiz helduko. Hurrengorako, komenigarri litzateke oboe-jotzaileen kopurua murriztea eta, parte hartu behar izatekotan, beste musika-tresnaren bat jotzen jartzea, musikari guztien artean nolabaiteko denbora-oreka antzera samar partekatzeko.

3. Orkestrak sekulako ahalegina egin behar izan zuen sinfoniak erruz dituen kortxeaerdiak garaiz menderatu ahal izateko. Ziurrenik entzule asko eta asko ez dira behar bezain adituak ahalegin horretaz jabetzeko. Kortxeaerdiak biribildu eta kortxea bihurtuko balira, orkestrak, eskarmentu handiko maisuez osatu beharrean, ikasleak eta bekarioak kontratatu ahal izango lituzke, bide batez aurrekontua murriztuz, belaunaldi gazteei aukera gehiago emanez eta, beti ere, kalitatea galdu gabe.

4. Nekez zuritu daiteke haize-tresnek horrenbeste aldiz errepikatu behar izatea aldez aurretik sokakoek behin eta berriz jotako eresi eta doinu berberak. Etengabe birjotzen diren aireak kenduko balira, kontzertuak, bi orduz luzatu beharrean, hogei minutu inguru baino ez luke iraungo, laburpen honi leriokeen gastu-murrizketa nabariaz.

Izan ere, uste dugu, batere zalantzarik gabe segurtatu dezakegula, proposamen eta aholku hauek bete izan balira, Franz Schubert konposatzaile jaunak bere sinfonia amaitu ahal izango zukeela.**

---oo0oo---

* Oraingoz, asmoa besterik ez, ez du-eta erabateko nagusitasunik legebiltzarrean. 

** Ironia guztien gainetik, adituen ustez, Milei proposatu duen ereduak ez  omen du inoiz, inon, amaiera onik izan.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: