Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Satelite artifizialak vs Foucault

Satelite artifizialak vs Foucault

Amatiño 2022/10/06 11:20
Leon Foucault (1819-1868) fisikari eta astronomo frantsesak baimena eskatu zien Parisko Panteoiaren arduradunei, Lurrak poloen arteko errotazio-ardatzaren inguruan bira egiten duela frogatzeko, Paristik bertatik eta begi bistan, inora joan beharrik gabe.
Satelite artifizialak vs Foucault

Foucaulten esfera, Parisko Panteoian

Zer egingo-eta, 67 metroko kableaz, Panteoiko kupulatik berunezko 28 kiloko esfera eseki zuen (1851ko otsailean), penduluarenak egin zezan. Horrez gainera, Foucaultek metalezko ezten fina ezarri zion esferari, eta harea zabaldu zoruan, pendulua kulunka jardun ahala, eztenak arrastoa utzi zezan barreneko hondarretan.

Hasieran ez omen zen ezer arrarorik gertatu baina, inguruan apropos bildutako ikusleei harrigarri iruditu arren, laster sumatu zen oszilazio-angulua etengabe ari zela aldatzen, 11º eta 15´ orduko, eskuinaldera, erlojuaren zentzu berean. Ordurako, zientziak aspalditxodanik jakinekotzat zuen Lurrak 24 orduko bira egiten zuela poloen arteko ardatzaren inguruan (1.100 km/h. abiadaz, Parisko latitudean), baina huraxe izan zen inoizko lehen froga (bigarren proba, aurrena hilabete lehenago egina baitzen) dinamiko edo esperimentala.

Foucaulten froga itxurazko efektua baino ez da, izatez ez baita esfera eskuinaldera mugitzen dena, zorua baizik ezkerraldera, Lurra edo planeta guztia alegia, eta Lurrarekin batera, jakina,  Parisko Panteoi osoa eta penduluaren inguruan zutik begira jarritako ikusle oro.

Parisko Panteoian etengabe dirauen pendulua ez da, honezkero, Foucaulten XIX. mendeko berbera, baina bai ordea lekua, eta espazioaren monumentaltasunak zein historiaren gomutak nolabaiteko zirraraz kilikatzen dituzte bisitarien barne-muinak.

Dena den, Paris beti den arren Paris, ez dago haraino joan beharrik Foucaulten pendulu klasikoa zintzilik ikusteko. Frantzian soilik, beste hogeiren bat lekutan ikusi daiteke (hurbilena Tolosan), eta Espainian ere beste horrenbeste (gertuena Santanderren).

Nik gogoan dudanez, orain dela hogeita hamarren bat urte (edo berrogei ote?), bazen EHUren liburutegiko patioan zientzia-tresna horietako bat dilindan. Baina liburutegia zaharberritu zenean tramankulutzarra desagertu zen eta, haren ordez, helioskiametroa jarri zuten Leioako Arboretumean.

Foucaulten penduluaren galera zela-eta, EHUko zientzia-doktoreetako bati esan nion, behin, adarra jotze aldera:

Orduan, Lurrak bere ardatzean bira egiten duela frogatu ezinik geratu gara Euskal Herrian?

 Eta berak erantzun: Orain ez dago frogatu beharrik, ikusi egin daiteke-eta!

 Ikusi?

Bai, argazkiak edo bideoak atera ohi dituen edozein satelite artifiziali esker.

Parisko Panteoia
Parisko Panteoia. Erdiko kupulatik zintzilik darrai Foucaulten Penduluak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: