Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sasibil, mi caserío…

Sasibil, mi caserío…

Amatiño 2013/06/29 23:35
Zortzi lagun bildu ginen Arriaga Antzokiko igogailuan, bosgarren solairuraino heldu gurarik geniharduela eta… zortziak euskaldunak, sei bizkaitar eta bizkaieradun bi. Zer gerta ere, onartu beharko, estatistikaz behintzat, ez dela batere erraza, Bilbon, gaztelaniazko ikuskizun baten inguruan horrelakorik gertatzea. Ala… Guridiren “El Caserío” euskal ikuskizuna ote?

Ekainaren 21etik 29ra bitartean Jesus Guridi gasteiztarraren El Caserío komedia lirikoa aurkeztu da, sei egunez, Bilboko Arriaga Antzokian. Leihatilan “ez dago sarrerarik” jarri arren, ez da ezein egunetan zehatz bete, egunero geratu izan baita saltzeke sarreraren bat edo beste anfiteatroan zein paradisuan.

Laurogeitaka urte joan dira El Caserío opereta aurrenengo aldiz antzeztu zenetik  Madrilen (1926). Eta mende erdi inguru nik estreinako Eibarren ikusi nuela (1963-64?). Geroztik dezente aldatu da euskal panorama, zentzu guztietan: jendearen gustuetan, hizkuntzaren trataeran, pentsamoldeetan eta emakumearen roletan.

Alkatea, parrokoa, indianoa eta pilotaria... Chiquito de Arrigorri, Txomin Amorebieta, Santi, Ana Mari, Jose Miguel, Eustasia eta gainerakoak… Hamaika istorio eta pasadizo, zenbaitontzat zein baino zein ezagunagoak, nire sasoikook hainbat afalostetan abestu ohi genituen zortzikoak tarteko, Sasibil, mi caserío, tibia cuna de mi niñez…

Besteak beste, abagune aparta Ainhoa Arteta (Ana Mari) zuzen-zuzenean, bertatik bertara, entzun ahal izateko; gozoa bezain gardena José Luis Sola (José Miguel); benetan artista Loli Astoreka (Eustasia) eta ikusgarria Eduardo Muruamendiarazen korografia. Berriketabako atsegintasunez gozatzeko moduko bertsioa.

Gogoan dut gure amama Segunda zenak, Antzuolako Olazabal baserriko alabak, ur-bitsetan entzun izaten zituela zarzuelak gramolatzarrean. Eta, aukeran, El Caserio zuen gustukoen. Arriaga Antzokia ezagutzeke hil zen, nahiz hirurogei urtez berrogei kilometrora bizi.

El Caserío

Ana Mari (Ainhoa Arteta) eta José Miguel (José Luis Sola)

jaime
jaime dio:
2013/06/30 22:03
Ez dugu aukerarik izan Arriagakoa ikus-entzuteko, tamalez. Hala ere, oroitzapenak trumilka etorri zaizkit burura. Eibartik Gasteiza bizitzera joan ginenean, BH zela kausa, 1960. urtean hasi ginen Txirinbil dantza taldean aritzen jo eta ke. Garai haietan, “El caserío” euskal zartzuelan dantzatzeko primerako aukera izan genuen. Carlos Munguía, Esteban Astarloa eta Lina Huarte, besteak beste, izaten ziren garaiko karteletako buruak. Gasteizko emanaldiak ahaztezinak izan ziren, benetan.
Ez nekien Eibarren ere eman zela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: