Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Santo Kristo Hilzorikoa, berriro Bergaran

Santo Kristo Hilzorikoa, berriro Bergaran

Amatiño 2018/02/23 15:00
Bergarako Santo Kristoa, Juan de la Mesa eskultore barrokoaren irudi polikromaturik baliotsuena, berriro ere dago Ariznoako San Pedro elizaren korupeko kaperan, azken lau mendeetan egon den leku berberean. Merezi du sartu-irtenen bat. Ezin esan, behintzat, urruti dagoenik, garestia denik edo aterpean ez dagoenik.

Bergarako Juan Pérez de Irazabal errege-kontalariaren eskariz (1622) Juan de la Mesa maisu sevillarrak zizelkatu zuen Kristo gurutziltzatua, giza-neurriz baino handixeago (2,10 m.). Anatomia-ikasbidea da. Kristo Hilzorikoa, artean bizirik, beraz, ez hilotz, ez gorpu zuritua.

Lau urte behar izan zuen irudigile ospetsuak lana moldatzeko eta, 1626an, idi-gurdiz atera zen Bergararantz. Hainbat astebete luze geroago heldu zen Ariznoako San Pedro elizara eta, geroztik, hantxe egon da, azken ia laurehun urteotan, edonoren begi-bistan. Nik gogoan dut eskolaumea nintzelarik, ikasle-taldea joan ginela Eibartik Bergarara harako eskultura bertatik bertara ikusi eta arte-historia ikasteko.

Orain dela hamar hilabete, ordea, Santo Kristoa eraman zuten Sevillara, Ondare Historikoaren Institutu Andaluziarraren ardurapean eraberritzeko, eta, bide batez, Sevillan bertan, lehenik, zein, bueltan, Donostian, gero,  ikusgai egon ondoren, berriro ere da “etxean”, non edonork ikusi ahal izango duen musu truk. Hori bai, kaperako argia isiotu nahi duenak txanpona sartu beharko du. Merezi du.

Merezi du, jakina, XVII.mendeko irudi barrokorik esanguratsuenetakoa "zuzenean" ikusi nahi duenarentzat. Segurutik barrokoa ez dago joeran eta, behar bada, ezta gurutziltzatua ere askorik, baina makinatxo bat txorakeria handiagoak ikusten ditugu egunero, laurehun urte ez ezik, lau urte, lau egun edo lau minutu baino irauten ez dutenak.

Ezin esan, behintzat, urruti dagoenik, garestia denik edo aterpean ez dagoenik...

Santo Kristoa

Santo Kristo Hilzorikoa, eraberritua, Ariznoako San Pedro elizaren korupeko kaperan

Santo Kristo anatomia

Anatomia-ikasbidea omen...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: