Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Santielena, milaka urteko miraria

Santielena, milaka urteko miraria

Amatiño 2017/07/11 00:05
Santielena, Tena haranean dago, Gallego ibaiaren ibar gainean. Ia mila urte daramatza bertan eta, mendez mende, atari aurretik pasatzen ikusi ditu artzainak, egurginak, erromesak, gudariak, gerrillariak, mendigoizaleak, eskiatzaileak eta turistak. Bizpahiru jaitan izan ezik, itxita egon ohi da urte guztian zehar. Oraingoan, ostera, auzo-lanean ermita zaintzen duen kofradia-buruak, Miguel Blascok, atea ireki digu.
Santielena, milaka urteko miraria

Santielenaren irudia

Aztarrenik zaharrenak XIII. mendekoak dira, Aragoiko Chaime lehenak --Santa Elenak, jentilengandik ihesi, mirariz, eskutulekutzat aurkitu zuen harpe-gainean-- ermita eraikiarazi zituenekoak. Harrezkero, gizalditan zehar, gainez gai, estalpe mozarabeak, gotikoak eta barrokoak jantzi dituen eliza eraberritua.

Hala ere, atariko bidezidorra arrunt ezaguna eta erabilia zen Aragoiko erreinu zaharra sortu zenerako, gertuko trikuharriak ondotxo aditzera ematen duenez. Eta, geroztik ere, urteak joan eta urteak etorri, ez du –nahita edo nahiezta-- bertatik pasatu behar izan duenik falta izan. Felipe II.aren gudarosteak iparralderantza; Napoleonenak, kontrara; 1939ko gerra osteko "makiak", noraezean, alde batera zein bestera; eta, Hitlerrek galdu ostean, aliatuen inbasioaren beldur, 1940eko hamarkadan Francok jaso zituen alferreko gotorlekuak.

Harritzarrak besterik ez dira gaur egun geratzen,  etenik gabeko gerra-hots haietatik. Hoz-de-Jacatik Biescaserainoko xendrari bake-giroa baino ez dario, hamar kilometrotan barrena, ainubez ainube, hiru ordu patxadatsutan zehar.

Maldan behera datozen lats ozenak, harraboska diharduten txoriño berritsuak, galdu-gordean mendi-bizikletaz doan txirrindularia, ume eta guztiko familiaren bat edo beste, eskutik heldutako neska-bikotea, “traban” aurkituko omen ditugun behiez ez kezkatzeko gaztigatzen digun unaia…

Oraindik ere bada gero, Santielenan, iraunean dirauen ezusteko miraririk.

DSC_0086

Santielena, gaur egun. Eskuinean, uraska, non "La Gloriosa" iturriko ur mitikoa biltzen den

DSC_0074

Barrukaldea, txukun asko, eraberritua

DSC_0088

Trikuharria. Ederra baina... eraberritua baino... erabat berria

DSC_0091

Ur goiena, ur barrena

DSC_0067

Aliatuen inbasioaren beldur, 1940ko hamarkadan, Francok eraikitako gotorlekua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: