Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Santa Kutz beti da aitzakia ona

Santa Kutz beti da aitzakia ona

Amatiño 2023/05/21 14:05
Azkoitiko 31. Udaberriko Musikaldiaren barruan bart iluntzean izan da, Santa Kutz komentuan, “Ez dok. Badok. Oteitzaren mailua” kontzertua. Basarteko Santa Kutz beti da aitzakia ona.

Kontzertua, Joxan Goikoetxea eta Euskamerataren eskutik, Jorge Oteizaren omenez izan zen, hogeitaka eresiz, kantaz eta testu-irakurketaz, Bach, Escudero, Aita Donostia, Ez dok amairu, Bitoriano Gandiaga, Lurdes Iriondo, Antton Valverde eta beste hainbat tarteko. Eta, barrenean, aurrez aurre, urrezko erretaula barrokoa.

Aurkezle, Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriko Adiskideen zuzendaria. Interpreteak, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Juanjo Otxandorena, Iker Lope de Bergara, Josune Marin eta Iñaki Beraetxe. Hasi eta buka (“segidillak” eta guzti), graziaz betea, Andoni Egaña*.

Aurtengo musikaldiak Jorge Oteiza (1908-2003) eta Joanes Antxieta (1462-1523) gogoratu nahi izan ditu, ez baitira alferrik aurten hogei urte betetzen eskultorea zendu zela eta bostehun, berriz, Berpizkunde garaiko musikagilea. Jakinekoa da Antxieta azpeitiarra zena, ez horren ezaguna, berriz, Oteizaren aita eta aitona Azkoitiko baserritarrak izan zirenik.

Aurreko bi asteetako kontzertuez gainera, eta atzoko hirugarrenaren ondotik, datorren larunbatean izango da laugarren eta azken akitaldia. Toti Martinez de Lezea idazleak, Gorka Hermosa soinulariak eta Edurne Zabalo klarinete-jotzaileak elkarrekin osatuko dute “Sorginak eta sorginkeria” ikuskizuna, Santa Kutz eliza berean, arratsaldeko 18:30etan. Merezi luke hogei minutu lehenago joatea.

Basarteko Santa Kutz

Udaberriko Musikaldi azkoitiarraren egitaraua inondik ere gutxietsi gabe, urteroko ekitaldi honek badu --Urolakoak ez garenontzat, batez ere— Santa Kutz elizan sartu eta Euskal Herriko erretaula barrokorik ikusgarrienetakoa astiro behatzeko aukera.

Basarteko Santa Kutz monasterioa 1691an. sortu zen eta 2018an. itxi-edo**, nahiz geroztik berriz ere mojak itzuli eta hartaz berriro arduratu. Oraingoak ere, aurrekoak bezalaxe, “brijidak” izeneko lekaimeak dira. Atarian, laranja-mermelada eta pastak dituzte salgai. Ez nuke esango bertan egindakoak direnik.

*Egoki asmatua, bestalde, Oteizaren euskararik jakinezaz, "drama" hitzez amaitutako bertsoa. Ez naiz, jakina, bertso-moldeaz ari, edukiaz baizik. Oteizaren erruen, amorruen eta gainerako mamuen gainetik, Oteizaren drama. 

** Azken hogei urteotan 43 monasterio eta komentu itxi dira Euskal Herri guztian barrena, Belloketik Urduñaraino, Tuteran zehar. 

.

Euskamerata
Joxean Goikoetxearen Euskamerata eta Klara Mendizabal sopranoa, bart Santa Kutz elizan.

Oroitarria
Herri-ekitalditarako betidanik erabili izan den komentua
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: