Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Santa Klarako Hondalea eta donostiar “zulo beltza”

Santa Klarako Hondalea eta donostiar “zulo beltza”

Amatiño 2021/07/08 23:00
Cristina Iglesiasen “Hondalea” eskultura dela-eta, agintariei zuzenean egin zaien kritikarik latzenetakoa izan da elbarriak kontuan hartu ez izana. Hau da, irisgarritasunik eza edo, zehatz esanda, elbarriek ezin izango dutela diru publikoz egindako eskultura ikusi ahal izan.

Erantzun gisa, Donostiako alkateari birritan entzun diot azalpen berbera. Hots, funtsean, iritsezina dena ez dela uharteko itsasargi-barruan berriki egindako artefaktoa, jatorrizko uharte bera baizik. Santa Klarak betidanik izan duela oraingoa bezainbateko irisgarritasunik eza, nahiz lursail publikoa izan.

Primeran legoke elbarrituek noizbait Hondalea ezagutzerik izan zezaten bidea egitea. Baina inork ez du, ordea, gogoan hartzen, donostiar elbarriek itsasontzian sartu eta portutik Santa Klarara iristea lortuko balute bihar bertan, Gipuzkoan segituko luketela bizi izaten milaka elbarri, zeintzuentzat etxetik Donostiara heltzeak ere abentura latza eta garestia izaten jarraituko lukeen.

Zalantzarik ez gero, Gipuzkoan dezente onak direla, oro har, elbarriei, urritu fisikoei, adimen urrituei, garuneko paralitikoei eta bestelako ezinduei eskaini ohi zaizkien zerbitzuak, baina ez Donostiakoak bestekoak edota donostiarrek uste duten bezainbatekoak. Segurutik ez du erabateko soluziorik --alegia, Elgetako zerbitzuak nekez izan daitezke Donostiakoen parekoak--, baina beti ere komenigarri litzateke donostiarrak konturatzea.

Gipuzkoako “hondalea” (administrazioz, kulturaz zein osasun-zerbitzuz) ez da Santa Klarako sasiamildegi berria, benetako donostiar “zulo beltza” baizik. Eta arrakal hau ez da arinduko, Donostian egoitza duten erakunde eta elkarteak jabetzen ez badira, beraiek dituzten eta eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu on ez direla bigarren mailako gipuzkoarrek jaso izaten dituztenak.

Nago, Cristina Iglesiasen eskultura ikustea ez dagoela Gipuzkoako ezinduen lehentasunetan. Ondo dago aldarrikapen sinbolikoak egitea eta erraza da ezinezko eskabideei zentzuzko ezezkoa erantzutea. Horregatik, behar bada, aukeran, komenigarriago litzateke eskabide oinarrizkoagoak lehenestea; baita eraginkorrago ere aldarrikapen bideragarriak egitea, ezezko erantzunak zailagoak suerta zitezen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: