Santa Klara eibartarrona, omen… baina Gaztelugatxe, Aragoirena, seguru
Santa Klara eibartarrona izan ote zen susmoa ez da berria. Ez diot nik, Wikipedia irakurri besterik ez dago. Bai, orain, Santa Klara donostiarrena da, baina ez pentsa betidanik izan denik. Berrogeita hamar urte inguru baino ez, Estatu espainiarrak Donostiako Udalari eman ziola uhartearen jabegoa. Ni ezkontzekotan nintzela, aspaldi, bai, baina ez, horratik, aspaldiegi.
Auskalo Santa Klara eibartarrona izan ote den inoiz, ipuin zaharrek horrela badiote ere. Baina seguru samarra da, ordea, Gaztelugatxeko Doniene Aragoiko Koroaren ondarea izan zela XI. mendean, Iñigo Lopez eta Toda Ortiz Bizkaiko jaun-andreok San-Juan-de-la-Peñako monasterioriari dohaindu zioten-eta, “borondate onez”, gainera.
«...ego Enneco Lopiz et uxor mea Tota Ortiz de nostra bona voluntate tibi domino Zianno Sancti Johannis monaco. Damus deo et Sancto Johanni pro animabus nostris in loco quod dicitur Sancti Johannis de Castiello id est in territorio de Bakio et afia parte de Bermeio ut posideant et habeant eum iIIi seniores Sancti Johannis cum tota sua hereditate».
Batek daki Santa Klara eibartarra izan ote den inoiz, baina Gaztelugatxeko Doniene Aragoiko Koroarena, ordea, seguru. "Jabetzen" diren egunean, royaltiak eskatzen hasiko zaizkigu.
---------------------
*Ohikoa ez bada ere, egitasmo zehatzik gabe, itsasontziz joan ginen. Behin bertan, pareko hondartza uste baino "gertuago" ote zegoen-eta... baietz, ezetz, igerian joan (18 minutu.) eta, uretatik irten barik, igerian buelta (21 m.). "Geuria da-ta, geuria..."