Santa Katalina, Sollubetik Jaizkibelera, itsasoari begira
Lehen agiri idatzia 1539koa du, baina segurutik Erdi Aroan eraikia izan zen, bertan aurkitu izan diren zeramika-laginak eta hilarri diskoidalen azterrenak bertakoak balira, behintzat.
Betidanik izan omen da itsasberako ermita, baina nekez ahaztu daiteke, atari aurretik berrogei metro eskasera doala Zumaiatik Debarainoko Donejakue bidea, Sakoneta eta Aitzuri labarretan zehar, San Rokeraino.
Egungo eraikina XVIII. mendekoa-edo datek, jatorriz; hurrengo mendean nolabaiteko estilo neogotikoz eraberritu zuten eta, orain dela hirurogei urte arte, behintzat, edonork kanpaitik tiratzeko besteko sokamutur luzea zegoen atarian, goitik behera esekita. Neska-mutilak bertaraino igo (30 minutu inguru Debatik), ogitartekoa jan, kanpaikadak nahieran jo, algaraka aritu eta arratsaldea bota. Kristoren plana.
Azken urteotan, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, alderdi guztia txukundu du. Ermita ez ezik, baita ingurua ere, behatoki aproposak moldatuz eta harrizko azalpen-panel adierazgarriak jarriz. Ea luzaro irauten duten.
Debarrik gehien-gehienek ondotxo ezagutzen dute ume-umetatik, baina, zalantza izpirik gabe, gainerakoen bisita ere merezi duen talaia da. Sollubeko tontorretik (684 m.) Jaizkibelekoraino (543 m.), Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasaldeko ikuspegirik osatuenetakoa.
“Itziarko Bista” deritzan parkin txikian autoa laga eta, errepide-gainetik pasatzen den zurezko zubira igoz gero, Donejakue bidean zehar, oinez, hamar minutu baino ez. Umeekin joateko modukoa.
Bistan denez, bizikletaz igotzerik ere badago, Debatik bertatik. Errazen errepidez, mendi-bizikleta arruntez; San Roketik joateko, elektrikoa komeni; eta hilerritik gora, aldiz, ezta elektrikoaz ere. Nik ez, behintzat. Eta zin dagit ahalegindu nintzela, nahiz gerriko minez amaitu.
Dronez ateratako argazki zenitala sarean dagoen "Ermita de Santa Catalina, Deba (Gipuzkoa) - YouTube" bideoaren aurkezpenetik hartua dago. Irudiak dira José Mari Hernández Sendínenak eta kanta, berriz, Benito Lertxundiren "Itsasoari begira egindako gogoeta". Zein baino zein politagoak.