Santa Engraziaraino, bizikletapean
Bertarainoko bidezidorra eraberritu omen dutela-eta… zergatik ez bizikletaz igo eta...hara non abiatu ginen aurreko larunbatean, pandemiaren “su-etenaz” eta sasi-udaberriko lehen errainu epelez baliatuta. Baina, bai zera, afankeria hutsa, bidea azken hirurogei urteotako berbera da, Foru Diputaziorik ere ez zegoen garaietakoa. Nik, behintzat, ezin. Bizikleta gainean igo beharrean, bizikleta norberaren gainean. Faktoreen ordenak ez omen du produktua aldatzen…
Santa Engrazia ermita (507 m.), Aizarna-gainean, nerabetatik gogoko izan dudan ingurua da. Edo hobeto esan, ermita bainoago, barrenean dagoen (zegoen) benta. Zenbat arratsalde ez ote genituen egin hango taberna-zuloan zein aurreko terraza modukoan, 1960ko hamarkadako opor abuztuarretan!
Lazunak eta karramarro berdeak
Zarauztik, Beduan zehar, 16-17 urteko neska-mutilak bizikletaz (velosolexen bat ere bazen tarteko) joan izaten ginen. Ez gintuen, jakina, mendizaletasun hutsak eraman izaten, nolabaiteko apartatu nahiak eta zenbaitetan bertan muntatu ohi zen erromeria-giroak baizik.
Zarauztik Santa Engraziara Beduan zehar? Honezkero norbaitek buruan hazka ere egin du, bide motzagorik ez ote zen. Baina argitu beharra dago, Mian (Meaga) barrena Aizarnazabalerantza jo aurretik, Beduaraino joaten ginela, lazunak arpoiz hartzera, itsasgoran, eta karramarro berdeak eskuz harrapatzera, berriz, itsasbeheran. Behar genituenak hartu eta Santangraziko bentan frijitzen edo egosten zizkiguten, pare bat tortilla, piper berdeak eta Schuss-limoia ardo beltzaz. Gero, berriz, ilunabarrean, Zarautza, Meaga gainetik. Berriro itzuliko ez diren sekulako garaiak!
Santa Engraziako egungo ermita XVI. mendekoa (1526?) da, baina hirurehun urte lehenago ere bazen haren aztarrenik, Bedua eta Getaria ez baitziren alferrik XIII. mende arte nafar erresumaren itsasportuak izan. Eta, artaldeen transhumantzia ere, Nafarroatik itsasbazterrera, Andimenditik Ernio aldera abiatu izaten zen, Aizarnan barrena.
Datu kurios gisa, Elkanok urrezko dukat bat utzi zion testamentuan Santa Engraziako ermitari. Hamar dukat, aldiz, Sasiolako komentuari.