San Mamesko euskal ahots trumoitsua
Juanjo Zearreta sarri aipatu ohi dudan larre motzeko belaunaldiaren ordezkari peto-petoetakoa genuen. Hogeitaka urte gutxi zituela gau-eskoletan hasi, Euskalduntze eta Alfabetatze Koordinakundearen sorreran jarraitu, euskal gizartearen erakundetze-prozesuan aritu eta, Euskaltzaindiaren ildotik, euskararen normalkuntzan bertatik bertara parte hartu. Gogotik hartu ere.
Zearretak ezagutu izan zituen garaiak ez ziren izan, segurutik, espezialistentzako sasoirik onenak. Denetik egin beharra egokitu zitzaion Juanjori: ikas-metodoak burutu, klaseak eman, inorenak zuzendu, testuak itzuli, ekitaldiak antolatu, kontuak eraman, protokoloaz arduratu, aurkezlearenak egin, orduz kanpo zinegotzi izan eta, igandetan, hamabostean behin San Mamesen, Athleticen onenak kantatu. Euskararen normalkuntza ez baita sekula izan –are gutxiago Zearretaren gazte-denboretan— astelehenetik ostiralera bitarteko zortzi orduko lana.
Erraza da gero memoriari amain ematea baina ez hain samurra, berriz, memoria berberorri langa zehatzik jartzea. Hala ere, esango nuke esan Juanjo Zearreta 1976an edo hasi zela San Mamesko megafoniaz arduratzen eta ez zuela utzi Javier Uria presidentea hil arte (2003.06.18). Horretara, 27 urte bai, gauza xinple samarra egiten baina San Mamesera joaten ginenoi zeharo garrantzitsua iruditzen zitzaiguna. Indarra zuen gero Juanjoren ahots sakon bezain trumoitsuak San Mamesko berrogei mila lagunen kirol-plazan. Bat, Iribar… guaaah! Bi, Lasa, guaaah! Hiru…
Horrelakoak huskeriak direla uste dutenek ez dakite ezer eta, behar bada, ez dute gainera, gizajook, inoiz ikasiko.
Bat, Zearreta… guaaah!!!
Ohikoa naiz San Mamesen, aspaldi aitarekin joaten hasi eta belaunaldia pasata seme-alabekin joatera pasatu den horietakoa. Eta Zearreta hil arte arrastorik ere ez neukan norena zen entzun genuen ahotsa. Goian bego.