Sakonetaren patetismoa
Incendies filmaren hasierako sekuentzia batean, amak sukaldetik hots egiten du: “afaltzera!”. Erantzun gisa, Libanoko gatazkaz telebistan albisteak ikusten diharduen neskatilak: “Erasoa izan da!” Eta amak berriro: “Horrek ez du esangura afaldu behar ez denik”.
Xabier Mendigurenek anekdota beretsu samarra gogorarazi digu oraintsu (Ortzadar, 2011.03.12), Franz Kafkak 1914ko abuztuaren 2an bere egunerokoan idatzi zuena: “Alemaniak Errusiari gerra deklaratu dio. Arratsaldean igeri egitera joango naiz”.
Espiritu kafkar berbera izan du nonbait Mendigurenek berak Sakoneta eleberria idazterakoan. Han-hemenka “sarkasmo” hitza ikusi dut gehien errepikatua nobelari buruzko informazio eta kritiketan, baina nik, berriz –ez galdetu zergatik—, Julio Iglesias kantariaz gogoratu naiz: La vida sigue igual.
Auskalo gero zer arraio aditzera eman nahi ote duen egileak nobela honen bitartez, baina zalantzarik ez gero bizitza uste baino arruntagoa dela edota, berdin baino diferente, errealitatea fikzioa baino latzagoa.
Amona zaharrak deitu zidan behin, AHT zela-eta nahitaez utzi behar zuen baserriaren ordainetan, berrogei milioi peseta eskaintzen zizkiotela eta diru harekin ez zuela kalean etxebizitza berririk erosterik. Ea nik laguntzerik ote nuen.
Galdetu nituen galdetu beharrekoak Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailean eta horrela jakin nuen Administrazioaren lehen eskaintza hirurogei milioikoa izan arren, etxeko semeak, gutxitxo iritzita, auzitara jo zuela amaren izenean eta epaileak, berriz, peritoak bidali ostean, baserria berrogeitan baloratzea erabaki zuela.
Segurutik, semeari ez zitzaion arrazoirik falta izango, ezta peritoei logikarik ere, epaileak egin beharrekoa egin zuen eta Administrazioak legea bete baino ez, baina amona gajoa nora ezean laguntza eske telebistako ispiluari deika. Ez dakit zer den sarkasmo handiagoa, AHTren inguruko gatazka, semearen balentria edo telebistaz baino ezagutzen ez zuen aurpegiaz amona zaharrari zerion fedea.
Sakoneta eleberria sarkastikoa ote? Neri –itxurazko molde arin guztien gainetik— ikaragarri patetikoa iruditu zait. Behar bada sarkasmorik gordinena patetikoa baino ezin delako izan.
Patetikoa... kontatzen duen egoera jakina, ez eleberria bera.
Harako otsailan 23an, estatu kolpe ha izan zanian, gabian telebista ikusten ginan. Gaztia bai baina banekin hori kontu inportantia zala. Berandu ez zala, hamaikak edo izango ziran, aittak esan zuen: "Ala, ohera, bixar biharrera juan bihar dogu"