Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Saizarbitoria zaila dela, askori diot aditzen

Saizarbitoria zaila dela, askori diot aditzen

Amatiño 2017/01/05 00:05
Saizarbitoria zaila omen da… Eta zailtasun horren arrazoi nagusietako bat osatu ohi dituen esaldi luzeak omen; baina... gure nobelagilerik ospetsuenak bilbatzen dituen esaldiak luzeak al dira? Benetan?
Saizarbitoria zaila dela, askori diot aditzen

R. Saizarbitoria

Jolas gisa baino ez bada ere, hartu dezagun Saizarbitoriaren azken nobelako (Lili eta biok, Erein, 2015) eszenarik aipatuenetakoaren paragrafo luzeetako bat. Da liburuko orrialde oso bat (18.a) bezain luzea:

     Gizonak ez dio begirik kentzen, hondoa hankaz jo ondoren, pixkanaka, ur ertzera gerturatzen ari den emakumeari. Bainujantzia gorputz osokoa du, beltza edo arras iluna, eta esango litzateke, besaburuak zuzen mantentzen baititu, zangoak erabili gabe ari dela kanporatzen, urak eragiten dion indarra gainditzeko ahalegin txikienik egin behar duenik ere erakutsi gabe. Emakume mardula dela esatea ez da eufemismoa: sorbalda zabalekoa, beso eta iztermami sendokoa, gerriz ere zabala beharbada, heldutasun seinalerik nabarmena du hori, baina gizentasun arrastorik gabe. Altua da, so ari zaion gizonaren garaiera baino zentimetroren bat gutxiago. Txanoa kendu ondoren, indarrez astintzen du burua eta alde banatara alboratzeko keinua egiten, eskua kontrako belarrira eramaten duela. Ondoren, atzera orrazten du bi eskuez ile motz eta kizkur xamarra, kolorez horail lastokara, natural den esaten ez badaki ere. Kapazu ondoan irauten du zutik minutu erdi inguru, aurpegia eta besoak xukadera hori txiki batekin gainetik lehorten dituela, azala igurtzi gabe alegia, ukitu leunez, gizonari erreparatzen dion arte, eta so geratzen zaio momentu batean, begiak zorroztuz, ezagutzeko ahaleginean ari bailitzan, eta, halako batean, bizkarra ematen dio. Dekadentzia seinale bat, trapezioen tolesak gerrirantz adierazten duen mengeltasuna. Bizkarrez, bada, bainujantziaren uhaletik libratzen ditu besoak, eta goiko partea uzten du zintzilikatzen. Modu horretan, gerritik gora biluzik, kapazu gainera makurtzen da albornoza hartzeko –gizonak ezkerreko besoa bularrari eusteko tolestua intuitu dezake--, jantzi egiten du eta zabalik utzi, bainujantzia kentzeko mugimenduak erraztearren; lan hori burutu ondoren, kuleroa jantzi eta albornozaren gerrikoa lotzen du.

    Gizonari atsegin izan zaio jantzi aldaketaren operazioa nola egin duen, bizkor eta naturaltasunez, milikeriarik eta erakuskeriarik gabe.

Honaino, batez beste, 18. orrialde osoa. Bai, egia da, itxuraz behintzat, totxo astun samarra ematen duela, baina, horratik, lerroz lerro miatuz gero, ezin esan, behintzat, esaldiok luzeegiak direnik. Liburu-orrialde osoko paragrafoan 29 lerro daude eta 9 puntu eta jarrai. Hau da, oro har, hiru lerroko esaldiak bi punturen arteko perpausa bakoitzeko. Puntu eta jarrai egin beharrean, puntu eta aparte eginez gero –azken bi lerroen antzera-- bederatzi paragrafo izango lituzke guztira. Kasu horretako grafian, testu berbera izaki, inor ausartuko al  litzateke esaldi luzeegiak direla esaten?

Izan ere, Saizarbitoriaren ezaugarria ez da esaldi luzeegiez baliatu izana, borborkako kontakizuna hamaika komaz jostea baizik (goiko lerrokadan, 35 koma). Baina, koma-joritasunari ezin zaio aparteko zailtasunik leporatu. Izan ere, koma asko erabiltzeari ez ote dario, ba, nolabaiteko ahozkotasuna? Eta, noizdanik da zaila ahozkotasun-eredua?

Auskalo honek guztiak zer ikusirik ote duen literaturarekin baina bai, behar bada, komunikazioarekin; eta, zentzu honetan,  iruditzen zait Saizarbitoria inor gutxilako maisua dela puntuazioaren garrantziaz jabetzen eta, une oro, artista, aukerak erruz eta txukun erabiltzen, bere buruarekin hizketan, ahopean balihardu bezala. Artista... eta ez, soilik, puntuez, komez eta komatxoez,  baita puntuez eta komez, bi puntuez, etenpuntuez, marrez, marratxoez, kakoez eta bestelakoez ere. Behatu bestela Saizarbitoriaren edozein paragrafo luze samarri, eta puntuazio-katalogo osoa aurkitu ahal izango du irakurleak, salbuespenik gabe.

Saizarbitoria ez da zaila; Saizarbitoriak ez ditu irakurle argiak, landuak, adituak eta zailduak behar, pazientziadunak baino; Saizarbitoriak, bistan da, gozatu egiten du idazten. Behar beste denbora --edo, hobeto esan, astia-- hartzen du gustuko duena irudikatu eta koma arteko hizkitan edo perpaus-ataletan, puzzle antzera, gatzatzeko. Segurutik, mila jira eta  buelta ematen die testuei, ontzat eman aurretik, ia-ia ad infinitum. Baina ondorioa, ziurrean, zailtasuna baino gehiago, bikaintasuna da.

Saizarbitoria ez da zaila bere erritmoari amore emanez gero. Nago, Saizarbitoriak dituela merkatuan salgai ez dauden dohain bi, irakurle arruntak nekez eskuratzen dituena: pazientzia eta presarik eza. Beste kontu bat da, harrapaka bizi den gizarte lasterkari honetako irakurle zazpikiak mantsotasun horri “zailtasun” deitu nahi ote dion; baina hori, esan bezala, beste kontu bat da.

jaime
jaime dio:
2017/01/06 22:30
Ez, ez daiteke esan Saizarbitoriak eratzen dituen esaldiak luzeegiak direnik. Bere liburu guztiak (ia), “Lili eta biok” barne, irakurri ondoren, lasai asko esan genezake euskal idazlerik ulergarrienetakoa dela. Akatsaren bat aipatzekotan, hori nire iritzi apaltasunaz, “Lili eta biok” irakurtzerakoan bizpahiru esaldiri halako kutsu erdalduna sumatu diet, hots, erdarazko esamolde bat euskaratu izana liburuko pasarteren bati indarra edo azalpena emateko.
Amatiño jaunak dioenez, pazientzi pixka bat eduki behar eta arretaz irakurri. Nire aburuz, Marguerite Yourcenarrek idatzitako “Hadrianoren oroitzapenak, Joxe Austin Arrietak ederki euskaratua, eraman edo pazientzia handia exijitzen duen libururik astunena da. Aipatutako liburua bukatzeko euskararekin arras maitemindua izan behar edo masokista hutsa. Zinez!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: