Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Sakamantekasa", lautadako mamua

"Sakamantekasa", lautadako mamua

Amatiño 2025/02/13 10:30
David Pérez Sañudo zuzendaria Sakamantekasaren istorioa filmatzen ari (1) den bitartean, Xabier Montoiak kaleratu du “Lautadako mamua” (Elkar, 2024) nobela laburra. Biak ala biak, Juan Diaz de Garaio hiltzaile eta bortxatzaile arabarra izan zenaren bizitzaz eta sailean burutu zituen erailketez.
"Sakamantekasa", lautadako mamua

Juan Diaz de Garaio

Gure belaunaldiak ume-umetatik jakin zuen Sakamantekasaren berri. Nor zenik edo nongoa zenik ere ez genekien, baina bai izenaren jabe (2) zena. Hala ere, zurrumurruek besterik adierazi nahi arren, ez dut gogoan inork haren kariaz beldurrarazi (3) gintuenik, ez eta inoiz lorik galdu genuenik ere. Sakamantekasik izan bazen, bai, baina, herensugeen pareko-edo, gure mundutik kanpora. Artean ez genuen lautadarik ere  ezagutzen. 

Lautadako mamua

Juan Diaz de Garaio (Egilaz, 1821 – Gasteiz, 1881) sei emakume bortxatu eta erail zituen (4), Gasteizen “ezer gertatzen ez zen garaietan”, eta, laugarren hilketa burutu arte, ezer gutxi islatu zuen Gasteizko bertako prentsak. Azkenean bai, seigarren hilketaren ondotik atxilotu, epaitu, heriotz-zigorra ezarri eta garrotez exekutatu ostean, erabat ospetsu bihurtu zen, mito (5) beldurgarria, haren azken hatsa bertatik bertara behatzeko bildu omen ziren hamar mila ikusleak lekuko.

Diaz de Garaiorenak egin zuen urte berean, Ricardo Becerro de Bengoa ikertzaile (Zientzian doktore), idazle eta kazetari gasteiztarrak argitara eman zuen El Sacamantecas. Su retrato y sus crímenes. Narración escrita con arreglo a todos los datos auténticos liburuxka, non Gasteizko kronikari eta Arabako diputatu (errepublika eta foruzale) zenak bildu zituen ordu arte ezagunak ziren xehetasun guztiak, zeinetan oinarritzen den harrezkeroko bibliografiarik gehiena.

Jakineko gertakarien ikuspegitik ez ezik, zientziaren aldetik ere aztertu izan zen egilaztarraren izaeraren zein jokabidearen nondik norakoa. Bestelako iritzi-miritzi guztien gainetik, zer nahi delarik, garbi bide dagoena zera da: nork daki zer izan ote zen Juan Diaz de Garaio, baina ez behintzat eroa.

Lautadako mamua

David Pérez Sañudo zuzendariaren filma (6) noiz ikusi ahal izango zain, Xabier Montoiaren nobelak merezi du asteburu soil bateko irakurraldia. Poeta, idazle, nobelagile, kantari, telebista-teknikari… Montoiaren ahalmen polifazetikoak lortzen du morbo guztien gainetiko kontakizun laño bezain atsegina asmatzea.

Guztira ere, lehen 75 orrialdeetako narrazioa tolesgabea suertatzen da bederatzi urteko pasadizorik gordinenak, ezagunenak eta errepikatuenak laburbiltzeko. Baina Posta kalean aguazilek gizona harrapatzen dutenetik haren gorpuaren autopsia egin arteko azken ia 40 orrialdeen irakurketa gozamen hutsa da. Nekez ezer esanguratsuagorik horren hitz gutxi eta esaldi minimalistagoetan. Montoiak frogatzen du ez dela beti hitz-jario handirik edo lar azalpenik behar, zenbait izaera eta jarrera konplexu aditzera eman eta ulertarazi (ez onetsi) ahal izateko.

Montoiak epitafio gisa burututakoaz amaitzekotan: "Juan Diaz de Garaio, ergel morala edo ero alaena izan ote zen jakin gabe ere, arabarren memorian geratu zen harrezkero". 

---ooOoo---

1) Udazkenean Balmasedan hasi eta orain Gasteizen darrai.

2) Biktimaren gorpua labanaz ireki eta barruko gantzak atera ohi zituena.

3) Haurrak izutzeko erabiltzen omen zen mehatxua: “Ona ez bazara, Sakamantekasari deituko diogu”.

4) Seiak izan ziren 1870etik 1879ra bitartean.

5) "Cuerda de presos" (Pedro Lazaga, 1956) filmean, bi guardia zibilek jasotzen dute presoa Leondik Gasteizera oinez  eramateko agindua. Istorioaren muina guardia zibil bien arteko harremana bada ere, presoa Juan Diaz de Garaio da. Alegia, ikusentzulegoak batere aurkezpenik gabe ezagutu zezakeen presorik bakarrenetakoa.

6) Aktore nagusiak, besteak beste, Antonio de la Torre (Sakamantekasa), Patricia Lopez Arnaiz, Fernando Albizu, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoy.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: