Rodriguez-en bila
Irakurleak aurkituko du han-hemenka, erraz asko, “Searching for Sugar Man” izeneko dokumental honek gogoan dituen gertakarien berri. Nire aldetik hiru hausnarketa besterik ez:
1. Kontakizun honek erakusten du zein garrantzitsuak diren –kantarien eta kanten gainetik— unean uneko giroa eta abagunea gizartearen edo merkatuaren onespena lortzerako orduan. Detroit-eko auzoetako egoera salatzeko Sixto Rodriguezek burututako abestiek ez zuten Estatu Batuetan oihartzunik lortu eta bai, ostera, ustekabean, egileak inondik ere gogoan ez zuen Hegoafrikako “apartheid” giroan.
2. Auskalo zergatik ez zuen Rodriguezek 1970an arrakastarik lortu Estatu Batuetan baina, behar bada, “hispanoa” (mexikarra jatorriz) izanak ez zion segurutik askorik erraztu. Haatik, paradoxa bada ere, Estatu Batuetan beltzarana zena, Hegoafrikan, aldiz, zuria. Lurmutur Hiriko (Cape Town) jaialdiaren irudiek erakusten dute haren jarraitzaile guztiak –guztiak gero— zuriak zirena. Zuri liberalak, hori bai, baina zuriak.
3. Gertaerak nabarmentzen du –-McLuhanek global village delakoa 1962an aldarrikatu arren--- erabateko globaltasun praktikoa ez zela ezarri hiru hamarkada geroago arte, Internet indarrean jarri arte, hain zuzen.
Sugar Man (Detroit, 1942)