Txapelgorriak: ibaian behera, ibaian gora
ETBk sekula eskainitako lehen* zuzeneko emanaldia 1984ko maiatzaren 7an. izan zen. Zer emango eta… Athletic txapeldunaren Getxotik Bilborainoko ibai-jira, gabarraz, Nerbioian zehar. Egun gogoangarria, benetan, Athletic taldearentzat zein bere jarraitzaileentzat, baina baita ETBren historian azpimarratu beharrekoa ere.
Segurutik ez da inoiz orduan bezainbat jende bildu Nerbioi ibarretan zehar. Hainbat hedabidetan adierazi zenez, miloi bat lagun elkartu omen ziren Athletic-en garaipen bikoitza (liga eta errege-kopa) ospatzeko. Hala ere, milioi bat lartxo, agian, bizkaitar guzti-guztiak ez ziren-eta, orduan, askoz ere gehiago. Baina seguru, gero, ETBk zuzenean emateko izan zuen abagune hark balio izan zuela euskaraz hasi berria zen telebista euskal gizartean barrena hedatzeko.
Are gehiago kontuan izanik, urtebete lehenago (1983.05.03) gertatua zela gabarraren lehen agerraldia eta, hainbat eskari izan arren, ETBk –behar besteko baliabide teknikoren faltan— ezin izan zuela lehen “igoera” zuzenean emititu.
Hain zuzen ere, Athletic-en gabarrak "igo" egiten du ibaian gora, uretan gora. Baina, izatez, kanta zaharrak “jaitsi” dio, ur behera: Por el rio Nervión, bajaba una gabarra, runba-la-rumba-la, con once requetés de boina colorada... Kontua da, 1983an Cecilio Gerrikabetia, Bilboko Koralaren lehendakaria izateaz gainera, Athletic-en zuzendaritzakoa ere bazela, eta berari otu zitzaizkion gabarraren eredua eta kantaren egokipena: Por el rio Nervión subía una gabarra, rumba-la rumba-la, con once jugadores del club atxuritarra…
* Izatez, lehen-lehen zuzeneko emanaldia pilota-partida izan zen, Gasteiztik, 1983ko apirilaren 28an, San Prudentzio jaiegunez, Beristain-Tolosa eta Ladutxe-Nalda II. bikoteen artekoa, eta Jose Mari Iriondo esatari. Lehen emanaldi haren helburua izan zen egiazko froga egitea, urte hartako finala aldez aurretik prestatzeko ariketa gisa.
Nazioarteko zuzeneko lehen emanaldia, berriz, Lendl vs McEnroe tenis partida (1985-09-10), New Yorkeko Flushing Meadow openaren finala. Josu Erguin ekoizketa-buruak oraindik ere gogoan duenez, nik esan omen nion: "Hi, Josu, hori lortzerik ba al duk?" Berak erantzun: "Ikusiko diat". Eta denok ikusi genuen.
** Argazki txikian, Jesus Arrizabalaga "Txapelduna" (txapela duena) Athleticzale ospetsua. Iaz hil zen, 89 urte zituela.