Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ramuntxo Kanblong gizon ona eta adiskide hobea

Ramuntxo Kanblong gizon ona eta adiskide hobea

Amatiño 2021/11/16 00:15
Ramuntxo Kanblong (1939-2021) hil da, 82 urte zituela. Elektronika ingeniaria, euskal ekonomiaz eta Europar Batasunaz hitzaldia ematen ezagutu nuen nik Bergaran, 1972an (Espainia sartu baino 14 urte lehenago), Iparraldeko euskaldunak artzainak, bertsolariak, koblakariak edo kantariak baino ez zirela uste genuen garai hartan. Urte bi geroago Eibarren ere hitzaldia eman zuen, Club Deportivoa sortu (1924) zeneko 50. urtebetetzean.
Ramuntxo Kanblong gizon ona eta adiskide hobea

Ramuntxo Kanblong

Makeako "Etxeparia" etxaldean jaioa, ingeniaritza ikasketak Parisen egin ostean elektronika, matematika eta fisika irakasle jardun zuen aurrenik Hazparnen, eta ondoko bospasei hamarkadatan anitz alorretan buru-belarri aritu zen, gizarte, ekonomia, kultura zein politikagintzan.

Arrasateko mugimenduaren ildotik kooperatiben sustatzaile, Copelec Iparraldeko lehen industria-kooperatiba sortarazi zuen, Herrikoa eta Partzuer elkarteak eragin, eta Akitaniako Kooperatiben Federazioaren lehendakari hamar urtez. Hendaiako Sokoa kooperatiban ziharduen lanean 2002an erretreta hartu zuenean. Aldi berean, Seaska ikastola-elkartearen sortzaileetakoa, Elkar argitaletxearen bultzagile, Euskal Kultura Erakundearen buru eta Herria astekariaren diruzain. Baita, 1975etik aurrera, euskaltzain (Jagon Saila, 1991-1997) urgazle ere.

Ekonomia arloan, Baionako Merkataritza Ganberaren kontseilari hautatua, Euskal Herriko Garapen Elkartearen ordezkari eta Akitaniako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko partaide. “Gure ekonomiaren hiru pundu” saioaren egile, Herria, Egia, Anaitasuna eta Jakin agerkarietan gai ekonomikoak aztertu izan zituen.

Politikaz, Enbataren inguruan ekin zion 1960ko hamarkadan eta 1963ko Aberri Egunean Lapurdiko Itsasun zen, “Itsasuko Ageria” deitu aldarrikapena lau haizetara zabaldu zenean. 1986an Garaikoetxeak sortu EA alderdi berriaren kide izan zen eta, 1994ean EAJren larrainera pasatu ondoren, Angeluko zinegotzi, Ipar Buru Batzarraren lehendakari eta, hartara, Euskadi Buru Batzarraren burukide

Zer gerta ere, beti gertu, beti mintzaira gozoz laguntzeko prest, nehoiz bekozko ilunik ez, pertsona ona eta adiskide hobea.

Bergara 1972
Bergarako Eskola Profesionala, 1972

Eibar 1974
Club Deportivo Eibar, 1974

Hazparne 2007
Hazparne, 2007
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: