Rafael Ossa Echabururen gomutaz
Kazetari gisa, “La Gaceta del Norte” egunkariaren zuzendaria izan zen, baita beste hainbatetan aritutakoa ere, El Correo, ABC, Informaciones, Pueblo eta La Vanguardia egunkarietan, esaterako. 1975 urtean Kazetari Ekonomikorik onenari zegokion saria eman zion Madrilgo Merkataritza Ganberak.
Gai ekonomikoak landu zituen, gehienbat, eta, hildo beretik, baita Bilboko Portuaren gaineko egitasmoez hainbat liburu idatzi ere: “Riqueza y Poder de la Ría. El Bilbao del Novecientos”, “Bilbao: un puerto en órbita”; “Crónicas desde Bilbao. Historia viva de años cruciales”, “Muñatones-Punta Lucero, 1968-1975” etab.
Eragile amorratua, egungo Bilboko Itsas Museoaren bultzagileetakoa izan zen, eta, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Bizkaiko Batzordeburua zelarik, berak sustatu zituen orain 30 urte, "Jornadas de Vizcaya ante el siglo XXI" delako jardunaldiak, gaur egun indarrean dirauten zenbait eztabaida aztertzeko oraindik ere balio dutenak. Bilboko Ganberak "Bilboko Kontsul" izendatu zuen, 2001 urtean.
Ekonomiaz gainera, idatzi zuen “Pastores y pelotaris vascos en U.S.A.” delakoa. Baina, segurutik, 1970ko belaunaldiaren baitan arrakastarik gehien izan zuen liburua izan zen “De mi País y de sus cosas”, 1968 urtean argitaratua.
Gaur egun erabat ulergaitz suertatu daitekeen arren, titulu beretik hasita, liburu hura ez zen inondik ere ohikoa, nolabaiteko herri-ikuspegi batez (mi País), euskara, euskal kultura, ekonomia eta azpiegiturak estreinako elkartarazi baitzituen. Eta egilea ere ez zen edonor, Bilboko erdal prentsako kazetari ekonomikorik ospetsuenetakoa baino.
Rafael Ossa Echaburu izan zen irakurle amorratua, kultura handikoa, errenazentista samarra eta, lehen eta behingoz, gizon ona, apala, maisua eta adiskide maitakorra. Goian bego.