Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Rafa Agirreren oreka eredugarria

Rafa Agirreren oreka eredugarria

Amatiño 2016/10/01 23:30
Bere herrian eta giroan bazen gero norbait Rafael Agirre Maiztegi, hamabi apaiz bildu baitzituen hiletako aldare-inguruan. Lagun zintzoa, langile kementsua, profesional ordenatua, pertsona orekatua, kirolzale amorratua, emazteari den-dena kontatzen dioten horietakoa. Minbiziak eraman du ziztu bizian baina ez, ordea, haren orekarik gainditu.

Txantxiku peto-petoa (Oñati, 1945) Oronozen ezagutu genuen elkar duela 54 urte, eta gero, berriz, hainbat urte partekatu genuen elkarrekin Euskal Telebistan, ekoizpen-arloan bera eta programazioan, naizen hau.

Gazte-gaztetatik kirolzale amorratua eta saiatzen zen mota guztietan dezente ona: futbolean, esku-pilotan, palaz, golfean, korrikan… Hainbat denboralditan aritu izan zen Aloña Mendi futbol-taldean eta baita Arrasatekoan ere.

Arimaz zein soinez, bere burua beti orekaz zaintzen ahalegindu zen mutila. Azkenean ezin izan du minbizirik gainditu, baina ezta minbiziak haren oreka eredugarria hautsi ere.

Oronoz1

Oronozko (Baztan) futbol-taldea 1962-63 ikasturtean. Zutik, ezkerretik eskuinera, bigarrena, hirugarrena eta bosgarrena, eibartarrak: Fidel Jauregibarria (G.B.), Mikel Larrañaga (Eibarko lehen alkate demokratikoa) eta Felix del Teso "Caracas". Behean, bigarrena ni neu eta, laugarrena, Rafa Agirre.

Oronoz2

Eibartar eta oñatiar taldea, Oronozko ikastetxean, Juanito Gortari* sukaldariaren inguruan. Ezkerretik eskuinera, Rafa Agirre, Enrique Lafuente, Mikel Larrañaga eta Jesus Mari Irizar. Makurtuta, ni neu.

------------------

*Juanito Gortari, baztandarra, Lekarozen kaputxinotarra izateari utzi ostean, sukaldari izan genuen Oronozko ikastetxean. Ezkutuan bildu izaten ginen hainbat ikasle berarekin "euskal kontuez" hitzegiteko, eta berari entzun nion aurrenengo aldiz Zeruko Argia astekariaren berri. Hogeita bost urte geroago edo, Eusko Alkartasunaren zinegotzi izan zen Baztanen bertan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: